Pilota Goxua modalitateko Laboral Kutxa Emakume Master Cup txapelketako finalerako txartelak zeuden jokoan gaur Elgoibarren jokatu duten pilota jaialdian. Euskal Telebistak zuzenean eman duen arren, pilotazaleak gerturatu dira frontoira, eta hori barikuan hartu zutela jendaurrean jokatzeko erabakia, ateak itxita jokatzekoak baitziren hasiera batean. Hainbat segurtasun neurri hartu dituzte antolatzaileek, besteak beste, aforoa 163 lagunetara mugatu dute. Guztira 160 pilotazale batu dira finalerdiak ikustera. Ikusleei tenperatura ere hartu diete sarreran eta maskara jantzita eta eserita egon behar izan dira pilotalekuan.
Lehiari dagokionez, lehen finalerdia parekatua izan da eta bi tantoko aldearekin, 18 eta 16, irabazi dute partida Antzuolako Galeano ahizpek, Nagorek eta Leirek. 15 eta 13 urte besterik ez dituzten pilotariek goraino heltzea lortu dute txapelketa honetan, eta sei partida irabazita finaleraino ailegatu dira. Gaurkoan Ainhoa R. de Infante eta Amaia Jaka izan dituzte aurkari.
Bigarren finalerdia erabat desberdina izan da. Kolorerik ez dela egon esaten da kirolari bat besteari nagusitasunez gailentzen zaionean, bada, bigarren partidan kolorea bai, baina urdina bakarrik egon da. Iera Agirre eta Maite Ruiz de Larramendik hiru tantoan laga dituzte aurkariak, Irantxu Etxebeste eta Ane Urkizu. Hortaz, Nagore eta Leire Galeano vs Agirre-Ruiz de Larramendi izango da finaleko norgehiagoka. Irungo Uranzu pilotalekuan jokatuko dute finala, ekainaren 28an.