Euskal Herriko eta Espainiako 19 lagunek hartu zuten parte hiru kategoriatan banatuta, tartean lau elgoibartarrek: Elaia Etxaniz, Laia Martinez, Leire Etxaniz eta Itxaso Garaizabal (ikus BARRENen argitaratutako elkarrizketa). Musika Eskolako saxofoi irakasle eta zuzendari pedadgogikoa den Aitor Novak esan duenez, gozatu ederra hartu zuten saxofoia maite dutenek asteburuan: "Maila bikaina eman dute partaide guztiek, eta Musikeneko saxofoi ikasleen kontzertua sekulakoa izan zen".
Sari banaketa eta udal musika bandaren kontzertua
Domekan iritsi zen sariak emateko unea, eta Udal Musika Bandaren kontzertua baliatu zuten sari banaketa egiteko. 16 urtera artekoen sailean Ilia Pelayo kantabriarrak irabazi zuen, eta Tenerifeko Cristina de Los Angeles Gomez izan zen bigarrena. 14 urte artekotan, berriz, Irungo Irune Gomez izan zen onena, eta Malen Pacheco hernaniarrak egin zuen bigarren. 12 urtera artekoetan bi hernaniar izan ziren onenak: Xabier Abril eta Ander Pacheco.
Pablo Mira Rico saxofoi-joleak, duela bi urte eginiko lehiaketako irabazleak, bakarlari gisa jo zuen Elgoibarko Udal Musika Bandak emandako kontzertuan, horixe baitzen orain bi urte irabazitako sariaren zati bat. Alacanteko musikariak A. Waigneinen Rahsody for alto saxophone pieza jo zuen bandarekin batera.
Balorazio positiboa egin dute antolatzaileek asteburuaz: "Dena primeran joan da, eta giro oso ona izan dugu".
Hona asteburuko argazki bilduma, Inazio Bereziartua eskolakoen eskutik: