Bideoa

Hamaikasax, saxofoi-jole gazteak lehian

Ainhoa Andonegi 2024ko ots. 23a, 15:29

Hamaikasax Saxofoi Elkarteak eta Elgoibarko Inazio Bereziartua Musika Eskolak Saxofoi-jole Gazteen III. Hamaikasax Nazioarteko Lehiaketa antolatu dute astebururako. Lehiaketa honen bidez, saxofoi klasikoa zabaldu eta musikari gazteei saxofoiaren munduan jarraitzeko pizgarri bat eskaini nahi diete antolatzaileek, bai eta goi-mailako ikasketak egin nahi dituzten ikasleei bultzada eman ere.

Euskal Herriko saxofoi-joleez gainera, Kantabriatik, Madrildik, Tenerifetik eta Galiziatik etorritakoek ere parte hartuko dute, hemeretzik guztira, eta tartean Elgoibarko lau ere arituko dira: Elaia Etxaniz Irureta (A mailan), Laia Martinez Astigarraga (B mailan), Leire Etxaniz Bereziartua eta Itxaso Garaizabal Mujika (C mailan). Lehiaketaz gain, bi kontzertu ere antolatu dituzte. Bihar, Musikeneko saxofoi taldekoak entzuteko aukera izango da, 19:00etatik aurrera, musika eskolako auditoriumean, eta domekan beste kontzertu bat antolatu dute, Herriko Antzokian. Elgoibarko Udal Musika Bandak emango du kontzertua eta bandarekin batera bakarlari lanak egingo ditu Pablo Mira Rico saxofoi-joleak, azken edizioko irabazleak. 12:30ean hasiko da kontzertu hori, eta ekitaldi horretan banatuko dituzte lehiaketako sariak.