Patxangoi taldeak kontzertua emango du Kultur Kafean Bosko Egunean

Barren.eus 2024ko urt. 23a, 13:49

Kultur Kafeak Patxangoi elektrotxarangaren kontzertu batekin ospatuko du Bosko Eguna, barikuan.

Irakaskuntza ertaineko ikastetxeetan ospatzen duten Bosko Egunarekin bat egingo du Elgoibarko Kultur Kafeak barikuan, urtarrilaren 26an. Patxangoi elektrotxarangaren kontzertua antolatu dute, 19:30etik 21:00etara.

Elgoibarko musika zale gazte talde batek sortu zuten Patxangoi taldea, 2023an. Gaizka Uranga taldekideak BARRENi emandako elkarrizketan azaldu zuen moduan, La Roita erronkaren egunerako sortu zuten Patxangoi elektrotxaranga eta iazko sanbartolomeetako Gazteen Egunean egin zuten debuta jendaurrean.

Pare bat zuzeneko emanaldi eman zituzten iaz, eta indartsu hasi dute urtea. Urtarrilean bi kontzertu emango dituzte Barakaldon: joan den barikuan eman zuten aurrenekoa eta 27an bigarrengoa; eta, tartean, Elgoibarren emango dute saioa, bariku honetan. Otsailerako saio bat ere badute hitzartuta, Sondikan.

Amaia Sasiain (ahotsa), Danel Legorburu (ahotsa), Markel Uranga (baxua), Aitor Asenjo (gitarra), Joseba Astigarraga (baxua), Unai Arregi (tronboia), Ander Torquemada (tronpeta), Gaizka Uranga (kaja) eta Iker Aramburu (perkusioa) elgoibartarrek osatzen dute taldea, Mikele Albisu teknikariarekin batera, Antiguo auzokoa azken hori.