Hiru elgoibartar izango ditu aurten Eibartrans-Gobike txirrindulari taldeak

Barren.eus 2017ko ots. 2a, 11:51

Master mailako lasterketetan arituko den Eibartrans-Gobike txirrindulari taldea aurkeztu zuten Elgoibarren, joan den asteburuan. Taldeak babesle nagusi berria du aurten eta txirrindulari elgoibartar bat gehiago ere bai, Ramon Garciari eta Iban Gonzalezi Iñigo Lariz batu baitzaie.

Eibartrans-Gobike txirrindulari taldearen helburua Euskal Herriko Master mailako lasterketen egutegia osatzea izango da, baina Euskal Herriko mugetatik kanpo jokatzen diren proba esanguratsuenetan ere hartuko dute parte, besteak beste, Tarazonako Clallengean, Soriako eta Gaztela Leoiko itzulietan edo Espainiako txapelketan.
Lau urtez taldeko bigarren babeslea izan ostean, Eibartrans enpresako buru Daniel Palacinek taldeko babesle nagusia izatea erabaki du aurten. Elgoibarko Gobike dendak ere jarraituko du taldearen babesle izaten.
Txirrindulariei dagokionez, Iñigo Lariz elgoibartarra eta Iker Trokolo dira, iazko taldearekin alderatuta, berrikuntza nagusiak aurtengo taldean.

• Ramon Garcia min hartuta

Denboraldia bi aste barru hasiko bada ere, aurreko denboraldian emaitzarik onenak lortu zituen taldekideak, Ramon Garciak, ezin izango du lehiatzen hasi, entrenatzen ari zela erorikoa izan baitzuen Eibarko Azitaineko biribilgunean, eta min hartu zuen sorbaldan eta lepauztaian. Mendaroko Ospitalera eraman behar izan zuten anbulantzian. Azitaineko rotondako zoruaren egoera txarraren ondorioz izan zuela erorikoa azaldu du Garciak. Gutxienez bost aste beharko ditu osatzeko.

eibartrans txirrindulari taldea 3 elgoibar∞ Lotura duten aldisteak: