Ukitu elgoibartar handia du Toyota Euskoauto txirrindulari taldeak. Batetik, bi babesle elgoibartar ditu: Gobike bizikleta denda eta Txarriduna Hotela. Eta, bestetik, bi elgoibartar daude taldekideen artean: Ramon Garcia eta Iban Gonzalez. Taldearen aurkezpen ofiziala ere Elgoibarren egin zuten, joan den asteburuan. (ikus aurkezpeneko argazkiak).
Hamabost txirrindulariz osatutako taldearen helburua Euskal Herriko Master mailako lasterketen egutegia osatzea izango da. Master 30 kategorian arituko dira bederatzi txirrindulari, tartean bi elgoibartarrak. Master 40 kategorian, berriz, bost txirrindulari lehiatuko dira, tartean Euskadiko egungo txapeldun Unai Agirrebeña. Azkenik, Daniel Palacinek hartuko du parte Master 50 txapelketan. Etormobil taldearen jarraipena izango da nolabait Toyota Euskoauto.
•Ramon Garciaren garaipena Urbasako igoeran
Jokatu den Master mailako azken lasterketan emaitza bikainak lortu zituzten Ramon Garciak eta Iban Gonzalezek. Abenduaren 31n jokatu zen Urbasako igoeran hartu zuten parte eta Ramon Garciak irabazi zuen proba. Iban Gonzalez, berriz, bosgarren postuan sailkatu zen.