Finalistei aurreskua dantzatuz hasi dira finalak. Gero, emakumeen arteko finala jokatu dute. Nerea Irustak eta Aintzane Arizmendik osatutako bikote elgoibartarrak hobeto hasi du partida eta tanto batzuetako aldea lortu dute markagailuan. Maite eta Iratxe Barruetabeña ahizpa mutrikuarrek, aldiz, hotzago hasi dute partida. Berotu direnean, baina, indarrez parean zirela erakutsi dute bi bikoteek. Azken tantoetan emozioa izan da nagusi, ez baitzegoen argi nork irabazi behar zuen. Azkenean bikote mutrikuarra gailendu da, 22-20 emaitzarekin.
Gizonezkoen finala ere lehiatua izan da. Kepa Arrizabalaga eta Julen Guenetxea elgoibartarrek Arroa Beheko Jokin Artetxe eta Zumaiako Josu Salegi izan dituzte aurkari. Berdinketa ugari izan dira lehen txanpan eta lan erditara ere berdinduta ailegatu dira, hamaikanako berdinketarekin. Artetxek eta Salegik hiruzpalau tantotako aldea hartu dute une horretan eta bazirudien zuzenean ailegatuko zirela hogeitabigarren kartoira. Arrizabalagak eta Guenetxeak, baina, markagailuan gerturatzea lortu dute, nahiz eta azkenean 17. tantoan gelditu.
ARGAZKI-BILDUMA: Pala txapelketetako finalak
∞Lotura duten albisteak:
- Emakumeen eta gizonen pala txapelketetako finalak erabakita (2017-06-20)
- Pala txapelketako finalerdiak astelehenean jokatuko dituzte eta finala, ekainaren 23an (2017-06-15)
- Emakumeen eta gizonen pala txapelketetan 36 bikote ari dira parte hartzen(2017-03-30)
- Jone eta Amaia Loiola eta Mikel Lopez eta Sergio Salgado irabazle pala txapelketetan(2016-06-18)