Emakumeen eta gizonen pala txapelketetako finalak erabakita

Barren.eus 2017ko eka. 20a, 15:56

Pala txapelketetako finalerdiak jokatu zituzten atzo, 30 gradutik gorako beroari aurre eginez, Kalegoen plazan. Hona hemen barixakuan jokatuko diren finaletara sailkatu diren lau bikoteak.

Termometroak 33 gradu markatzen zituela jokatu zituzten atzo emakumeen eta gizonen pala txapelketetako finalerdiak, Kalegoen plazan. Eguzkiak berotutako frontoiko harrizko lurrak eta paretek gainera areagotu egiten zuten sargori sentsazioa. Nahi eta behar adina etenaldi egiteko aukera izan zuten pilotariek eta sarritan hartu zituzten eztarriak freskatzeko atsedenaldiak. Hala eta guztiz ere, izan zen zorabiotik gertu ibili zen pilotaririk. Ikusleentzat zen beroa jasangaitza, pentsa jokalarientzat.
Kepa Arrizabalagak eta Julen Guenetxeak osatutako bikoteak Martin Urigoitiaren eta Arkaitz Lozanoren aurka jokatu zuen lehen finalerdian 22-16 nagusitu ziren Kepa eta Julen. Bigarren finalerdian Markel Portu eta Gorka Lizarralde mendaroarrek Arroa Beheko Jokin Artetxe eta Zumaiako Josu Salegik osatutako bikotearen aurka neurtu zituzten indarrak. Portu eta Lizarralde gogotik saiatu ziren arren, bikote indartsua osatzen dute Artetxek eta Lizarraldek eta ez zieten aukerarik eman aurkariei. 12 tantoan laga zituzten mendaroarrak.

Mutrikuarrak eta elgoibartarrak emakumezkoen finalerdietan
Emakumezkoen lehen finalerdian bi bikote mutrikuarrek jokatu zuten elkarren aurka. Partida lehiatua jokatu ostean, 22-16 gailendu ziren Maite eta Iratxe Barruetabeña ahizpak. Bigarren finalerdia are eta lehiatuagoa izan zen eta emozioa izan zen nagusi amaierara arte. Yolik eta Vanesak osatutako bikotea partida bakar bat galdu gabe ailegatu zen finalerdietara eta partidaren lehen zatian hartu zuten abantailarekin bazirudien finalera sailkatuko zirela. Nerea Irustak eta Aintzane Arizmendik osatutako bikoteak, baina, ez zuen partida galdutzak eman, eta 21nako berdinketaren ostean beraiek egin zuten partidako azken tantoa.  
• Finalak barixakuan
Finalak ekainaren 23an, barixakua, jokatuko dituzte. 18:00ak aldean hasiko dira finala girotzeko antolatzaileek antolatu dituzten ekintzak. Musika izango dela aurreratu dute eta aurreskua ere dantzatuko diete finalistei eta baita txapelketa antolatzen aritu diren lagunei ere. Emakumezkoen finala 18:30ean hasiko da. Nerea Irustak eta Aintzane Arizmendik Maite eta Iratxe Barruetabeñaren aurka jokatuko dute. Emakumezkoen finalaren ostean, errifaren zozketa egingo dute, eta horren ostean hasiko da gizonezkoen bigarren pala txapelketako finala. Kepa Arrizabalagak eta Julen Guenetxeak Jokin Artetxe eta Josu Salegi izango dituzte aurkari.

 

pala elgoibar giz martin urigoitia

pala elgoibar kepa arrizabalaga

pala elgoibar giz zabalean

 pala elgoibar plaza

 pala elgoibar barruetabea ahizpak

pala txap elgoibar finalerdiak yoli

 

Lotura duten albisteak: