Maite Maiora 2017ko munduko mendi lasterkari osoena

Barren.eus 2017ko urr. 15a, 08:40

Maite Maiorak 2017ko mendi lasterkari osoena saritzen duen munduko titulua eskuratu du, modalitate desberdinetako (Ultra, Sky eta Extreme) emaitzarik onenak kontuan hartzen dituen munduko sailkapen bateratua irabazi baitu. Maiorak 0,8 puntu eskaseko aldea atera dio bigarren egin duen Ragna Debats holandarrari.

Nazioarteko Mendi Lasterketen Federazioak (ISF) antolatzen dituen Munduko Kopak iritsi dira amaierara. Mendi lasterketen Extreme eta Ultra modalitateetako zirkuituak amaitu ostean, Skyrunning zirkuituko Munduko Kopako azken proba jokatu zuten zapatuan Italian: Limone Extreme Skyrace. Garda lakuan hasi eta amaitu zen 29 kilometro eta 2.540 metroko desnibel positiboa zuen proba. Gizonezkoetan Marco De Gasperi italiarra izan zen azkarrena eta Tove Alexandersson suediarra gailendu zen emakumezkoetan. Maite Maiora mendaroarrak zortzigarren postua eskuratu zuen arren, sailkapen bateratua irabazteko lehian lehen postuari eutsi dio. Katalunian bizi den Ragna Debats antxitxikari herbeheretarrak proba irabaztea edo bigarren egitea behar zuen Maiora sailkapenean aurreratzeko, baina hirugarren postuan sailkatu zen, eta, hortaz, Maiorak 0,8 puntu eskaseko aldea atera dio mendi lasterketen munduko sailkapen bateratuan. Denboraldiko mendi lasterkari osoena, -distantzia motz, ertain zein luzeetan hobekien moldatzen dena- saritzen du titulu honek. Maiorak Zegama-Aizkorrin (42 kilometro), Livignon (34 kilometro, Italia), Royal Gran Paradison (52 kilometro), Tromson (57 kilometro) eta Ultra Pirineun (110 kilometro) lortutako garaipenei esker eskuratu du lehen postua. Era berean, Skyrunning Extreme Series txapelketako sailkapen nagusia ere irabazi du aurten mendaroarrak.
"Zegaman denboraldia hasi nuenean ez neukan buruan munduko txapelketaren bat irabaztea, lasterketa onak egitea zen nire asmoa, baina denboraldiak aurrera egin ahala sailkapen bateratua irabazteko aukera nuela ikusi nuen", adierazi zuen Maiorak Italiako lasterketa amaitu ostean. Dena eman zuen arren, oso gogorra egin zitzaiola proba gaineratu zuen. Eskerrak emanez agurtu zuen denboraldia Maiorak, "jarraitzaileak, antolatzaileak, babesleeak eta hau guztia posible egiten dutenei eskerrak ematen dizkiet, baina bereziki Iosu izan nahi dut gogoan, beti alboan dudalako", esan zuen.
•Ainhoa Lendinez Europako igoera bertikalen txapelketan
Ainhoa Lendinez elgoibartarrak ere parte hartu zuen Limone Extreme Skyrace proban, eta 25. postua lortu zuen. Era berean, Limone Sul Garda herrian bertan jokatu zen barixakuan Grèste de la Mughéra kilometro bertikala, igoera bertikalen Europako Txapelketa. Phillip Gotsch (36:23) italiarra eta Christel Dewalle (45:52) frantziarrak izan ziren azkarrenak. Ainhoa Lendinezek 19. postua eskuratu zuen, 55:31ko denbora eginda.

 limone maite maiora

limone maite maiora 2

 limone ainhoa lendinez

∞ Lotura duten albisteak: