Maite Maiora mendaroarrak, garaipena eta errekorra Zegama-Aizkorri mendi maratoian

Barren.eus 2017ko mai. 28a, 12:35

Zegama-Aizkorri mendi maratoia irabazi du Maite Maiorak, bere ametsetako bat egia bihurtuz. Mendi maratoiko Munduko egungo txapelduna den Maiorak mendiko maratoi prestigiotsuenetakoa, eta mendi lasterkarien kuttunenenetarikoa, irabazi du estreinakoz. Gainera, probako errekorra ondu du.

Handia egin du Maite Maiorak, oraingoan ere. Zegama Aizkorri mendi maratoiaren 16. edizioa irabazi du emakumezkoetan. Maiorarentzat 2014an eskuratu zuen hirugarren postua zen orain arte Zegama Aizkorrin zuen posturik onena.

Maite Maioraren aurkaririk gogorrena Silvia Rampazzo italiarra zan da gaur. Hogeigarren kilometrotik lehen postuan igaro da Rampazzo eta haren atzetik antxitxikari mendaroarra eta Megan Kimmel. Maiorak, baina, aurrea hartu dio Rampazzori, eta lidergoari eutsi dio, Rampazzo uneoro gertu izan badu ere. La Sportiva taldeko saltakariak lau ordu, 34 minutu eta 27 segundoan osatu du 42 kilometroko ibilbidea, Emmanuela Briziok zeukan probako errekorra onduz. Silvia Rampazzok egin du bigarren (04:37:17) eta Sheila Aviles sailkatu da hirugarren postuan (04:43:24).

• Errekorra gizonezkoetan

Gizonezkoetan Stian Argermund norvegiarrak irabazi du Zegama Aizkorri maratoia hiru ordu eta 45 minutuko denbora eginda, eta hala, egunotan Everest inguruetan dabilen Kilian Jornetek 2014an ezarri zuen errekorra ondu du, hiru minutu baino gehiagoan ondu ere. Angermund munduko txapelduna da mendi maratoian eta kilometro bertikalean. Euskal lurretan eman duen asteburu hau ez du berehalakoan ahaztuko. Angermundek Zegama-Aizkorri kilometro bertikala irabazi zuen barixakuan eta mendi maratoia gaur, errekorra ezarriz gainera.

Marco De Gasperi italiarrak eskuratu du bigarren postua (03:48:19), Marc Lauenstein suitzarrak egin dub hirugarren (3:53:26) eta Aritz Egea euskalduna ailegatu da laugarren postuan helmugara. Urretxuarrak gainera, euskaldunen errekorra hautsi du, 03:55:40ko denborarekin.

Elgoibartarrei dagokionez, Javi Dominguez 30. postuan sailkatu zen, 04:20:35eko denbora eginda. Dominguezekin batera sartu zen helmugan Ander Barrenetxea, 31. postuan. Gorka De La Horra 43. postuan sailkatu zen, 04:29:42ko denborarekin, Ioritz Conde 154. postuan (04:58:23), Mikel Arosa 259. postuan (05:39:50), eta 337. postuan Gorka Mir (06:21:26). Gotzon Zulaika mendaroarrak ere parte hartu zuen. 105. postuan sailkatu zen 04:48:22ko denbora eginda. (sailkapen osoa)

*Argazkiak: Jordi Saragossa; Goierriko Hitza, YSF.

maite maiora zegama 20km

maite maiora podium zegama goierriko hitza

maite maiora stian zegama skyrun

 zegama aizkorri maite maiora txanpana podium

zegama maiora podium zapatilak

zegama aizkorri maite maiora stian angermund

zegama aizkorri javi domingez

 zegama aizkorri maite maiora zaleak

zegama aizkorri maite maiora txanpana