Maite Maiorak garaipen handi bat gehiago eskuratu du Gran Paradiso ultra lasterketan

Barren.eus 2017ko uzt. 17a, 11:46

Maite Maiorak garaipen berri bat lortu du Italiako mendietan. Joan den ekainean Livigno skymarathon proba irabazi ostean, Royal Ultra SkyMarathon Gran Paradiso lasterketa irabazi du asteburuan. Turinetik gertu jokatu dute 52 kilometroko mendi lasterketa.

Sky Extreme Series zirkuituko estreinako proba jokatu dute asteburuan Italian, Royal Ultra SkyMarathon® Gran Paradiso izeneko 52,5 kilometroko ultra lasterketa. Turin hiritik gertu dagoen Gran Paradiso parke nazionalean lehiatu ziren antxitxikariak, erregeen ehiza barruti izandako paraje ikusgarrietan barrena. Ibilbidean zazpi tontor igo behar izan zituzten, garaiena 3.003 metrora, eta igoera guztiak batuta 4.141 metro igo zituzten.

YSF erakundeak antolatzen duen Skyrunning munduko zirkuituko (Sky Classic) lidergoan ailegatu zen Maiora probaren irteerara, Zegama-Aizkorri eta Livigno Skymarathon probak irabazi eta gero lortutako puntuei esker; 220 guztira. Mendi maratoiak baino proba luzeagoak batzen dituen Sky Ultra txapelketa lehiatzen ari diren hainbat antxitxikarik ere parte hartu zuten Gran Paradison. Maite Maiora zen proba irabazteko faborito nagusienetarikoa eta mendaroarrak une honetan bera dela indartsuena erakutsi zuen. Zortzi ordu, bost minutu eta 28 segundoan osatu zuen proba mendi maratoiko munduko egungo txapeldunak. 25 minututik gorako aldea atera zion bigarren egin zuen Katie Shide (8.32:07) suitzarrari eta 40 minutitik gorakoa hirugarren egin zuen Ekaterina Mityaeva (8:48:23) antxitxikari errusiarrari.
Hiru lasterketako zirkuitua da Royal Ultra SkyMarathon, eta horietako bitan parte hartu behar da sailkapen nagusian lehiatu ahal izateko.

maite maiora gran paradiso fotoiosu fotography 2

maite maiora gran paradiso mendaro

∞ Lotura duten albisteak: