Joseba Olazabali elkartasuna adierazteko elkarretaratzea egingo dute Mendaron domekan

Barren.eus 2018ko eka. 14a, 14:21

Joseba Olazabal mendaroarrak, A-8 autobideko joan-etorrien eta kamioien zaratarekin gogaituta, pantaila akustikoak jartzeko eskaera egin du behin eta berriz, eta ezaguna egin da autobideko zarata salatzeko duen modu bitxiagatik. Domekan Olazabali elkartasuna adierazi eta panela eskatzeko elkarretaratzea egingo dute.

Hilerrirako bidean, Mañuska parean, izango da elkarretaratzea, domekan (ekainak 17), 16:00etan. Baimena jaso duen elkarretaratzea izango dela zehaztu dute deitzaileek. 

Joseba Olazabal autobide ondoan bizi da, Mendaroko Granja etxean. Autobideko joan-etorrien eta kamioien zaratarekin gogaituta, pantaila akustikoak jartzeko eskaera egin du behin eta berriz, baina erantzunik ez duela jaso salatu du. Autobideko zarata eta arriskuak zalatzeko kartelak jartzen hasi zen eta biolinarekin musika jotzen gero. 2017ko azaroan Gipuzkoako Foru Aldundiaren jakinarazpena jaso zuen Olazabalek, Autobideko erabiltzaileen "arreta galtzea eragin dezaketen jarduerak" egiteari lagatzeko eta kartelik ez jartzeko errekerimendua jaso zuen.

Kartel gehiagorik jarri ez zuen arren, ez zuen bere protestan etsi eta autobidearen beste aldera joatea erabaki zuen. Eta harrezgero hor jarraitzen du protestan, txapela eta biolina lagun dituela. El ultimo Mohicano edo Leyendas de pasion filmeetako soinu bandetako abestiak joten ditu, besteak beste.