"Bide segurtasunaren kalterako, autobidearen erabiltzaileek arreta galtzea eragin dezaketen jarduerarik ez egitea, ezta kartelik jartzea ere" eskatu dio Gipuzkoako Foru Aldundiak Joseba Olazabali bidali dion aurretiazko errekerimenduan. Bertan ageri denez, 1/06 F.D.A 96.4 artikulua urratzen ari da Olazabal, eta urraketa hori "larria" dela zehazten du. Eskaera "berehala" bete ezean, isuna 2.000 euro eta 7.999 euro bitartekoa izan daitekeela ohartarazten diote Olazabali. Honek, Youtuben jarri duen bideo batean eman du jakinarazpenaz duen iritziaren berri.
Joan den irailean Bidegik protestarako zerabiltzan kartelak kendu zizkiola salatu zuen Joseba Olazabalek.
Joseba Olazabal mendaroarra ezaguna egin da azken hilabeteetan, A-8 autobideko erabiltzaileen artean, bereziki, autobideko zarata salatzeko duen modu bitxiagatik. Biolina jotzen egoten da batzuetan, txirula besteetan, eta era eta mezu askotariko kartelak jarri izan ditu.
Olazabal autobide ondoan bizi da, Mendaroko Granja etxean. Autobideko joan-etorrien eta kamioien zaratarekin gogaituta, pantaila akustikoak jartzeko eskaera egin du behin eta berriz, baina erantzunik ez duela jaso salatu du.
- Irakurri hemen: Jose Olazabalek BARREN aldizkariari eskaini dion elkarrizketa (BARREN 985. zenbakia -PDF-)
Joseba Olazabalek Youtuben jarri duen bideoa: