Euskararen Eguneko Esaldi Lehiaketa antolatu dute bosgarren urtez Elgoibarko Izarrak eta Gaztelekuak, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza (DBH) eta Batxilergoko ikasleentzat. Lehiaketa honetan euskarari lotuta egon behar du esaldiak, baina era berean, ezin da euskara berba erabili. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, 52 lagunek hartu zuten parte eta 81 esaldi aurkeztu zituzten guztira. Epaimahaiak IES Elgoibar BHI institutuko ikaslea den Intza Uranga mendaroarrak aurkeztutako esaldia aukeratu zuen: “Aldapan gora edo behera... iritsi dadila denera!”. Esaldi horrekin kamisetak egin dituzte eta 13 eta 18 urte bitarteko 900 bat neraberen artean banatu zituzten atzo, debalde, Euskararen Nazioarteko Egunean jantzi zitzaten.
• Aurreko edizioetako irabazleak
Iaz Aiala Sierrak irabazi zuen lehiaketa, Ilargiraino eta bueltan erabiliko zaitut esaldiarekin. Ander Mujikak diseinatutako kamisetak atera zituzten esaldi horrekin. 2016an Arreiturre Institutuko ikasle Asier Garaialdek aurkeztutako esaldiak irabazi zuen lehiaketa, Ez izan beldur, izan hiztunlelorekin. 2015ekoa Markel Garate mendaroarrak irabazi zuen, Nik hasi zuk jarraittu leloarekin. Euskararen eguneko estraineko esaldi lehiaketa Uxue Mancisidorrek aurkeztutako Nire ahotik zure belarrira esaldiak irabazi zuen, 2014an.