Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza (DBH) eta Batxilergoko ikasleentzat antolatu dute euskarazko esaldien lehiaketa, Euskararen Nazioarteko Egunaren harira. Euskarari lotuta egon behar du esaldiak, baina era berean, ezin izango da euskara berba erabili. Irabazleak 100 euroko balea jasoko du, herriko dendetan gastatzeko. Gainera, lehiaketa irabazten duen esaldiarekin kamiseta bat prestatuko dute, eta 13-18 urte bitarteko nerabeen artean banatuko dute, doan. Elgoibarko Izarrak eta Gaztelekuak antolatu dute lehiaketa Elgoibarko Udalarekin lankidetzan.
Urriaren 26a da esaldiak entregatzeko azken eguna. Hainbat modu daude parte hartzeko:
- Whatsapp bidez: 628 170 330
- Instagram bidez: @elgoibarkogaztelekua
- e-postaz: gaztelekua@elgoibar.org
• Aurreko edizioetako irabazleak
Iaz Aiala Sierrak irabazi zuen lehiaketa, Ilargiraino eta bueltan erabiliko zaitut esaldiarekin. Ander Mujikak diseinatutako kamisetak atera zituzten esaldi horrekin. 2016an Arreiturre Institutuko ikasle Asier Garaialdek aurkeztutako esaldiak irabazi zuen lehiaketa, Ez izan beldur, izan hiztun lelorekin. 2015ekoa Markel Garate mendaroarrak irabazi zuen, Nik hasi zuk jarraittu leloarekin. Euskararen eguneko estraineko esaldi lehiaketa Uxue Mancisidorrek aurkeztutako Nire ahotik zure belarrira esaldiak irabazi zuen, 2014an.