2018ko hondakinen gaikako bilketari buruzko emaitzak zabaldu ditu Debabarrena Eskualdeko Mankomunitateak. Estreinakoz ekitaldi oso bat % 50aren gainetik itxi dela nabarmendu dute. "2017ko emaitzak ia bost puntuan gainditu ditu Debabarrenak, eta Europak 2020rako ezarritako helburuak bi urte lehenago bete". Era berean, edukiontzien sisteman egin dituzten hobekuntzek emaitzen gorakada ekarri dutela azpimarratu dute Mankomunitateko arduradunek. "Udalerri guzti-guztiek emaitza hobea lortu dute gaikako bilketan", adierazi dute.
Herriz herri lortutako emaitzei erreparatuta, Mutrikun lortu dituzte emaitzarik onenak (% 65,72), eta jarraian Deban (% 61,78) eta Eibarren (% 56,18). Hiru kasu horietan ehunekoa Mankomunitatearen batezbestekoaren gainetik ibili da. Mankomunitateak zehaztu du gainerako herrietan ere 2017an baino emaitza hobeak lortu dituztela. Azken urteetako bilakaera ere nabarmendu dute, "Debabarrena Eskualdeko Mankomunitatearen gaikako bilketa % 29,62tik % 53,55era igo da 2013tik 2018ra bitartean, eta, horrenbestez, gaikako bilketaren ehunekoa ia-ia bikoiztu egin da, 2020 baino lehen % 60ko helburua lortzea ezarrita".
• Elgoibar eta Mendaro eskualdeko batezbestekoaren azpitik
Eskualdeko herri guztien artean Elgoibarrek izan du hazkunderik txikiena 2017tik 2018ra, lau dezima bakarrik egin du gora gaikako bilketaren batez bestekoak: %51,10etik %50,50era. Mendaron %47,84tik %50,58ra igaro da, lehen aldiz %50a gaindituz. Eskualdeko batez bestekoaren (%53,55) azpitik daude bi herriak. Urtebetean hondakinen %60 gaika biltzeko helburua adostu zuen Elgoibarko Hondakinen Mahaiak 2016an, EAJ, PSE eta EHBildu sinatu zuten akordiaren arabera.
Mankomunitateko presidente Arcadio Benítezek emaitza horiek balioetsi ditu honako hau adierazita: “Mankomunitateak bitartekoak jarri ditu eta zifrak onak dira, baina gizartea sentsibilizatzen jarraitu behar dugu are gehiago parte har dezan”. Era berean, adierazi duenez, edukiontzien sistema berriaren aldeko apustuak biohondakina biltzeko eta errefusa murrizteko erritmoa bizkortu du, eta, horri esker, udalerri guzti-guztietan emaitza hobeak lortu dira. “Arreta berezia jarri behar dugu bereizketa behar bezala egiteko hondakin bakoitza bere edukiontzian utzita, bilketaren kalitatean ere irabazteko”, esan du Benitezek.
• Gaika bildukakoa errefusaren gainetik, estreinakoz
Gaika bildutako hondakinek lehen aldiz errefusa gainditzen dutela ere nabarmendu du. Zehazki, 2018. urtean gaikako bilketa 16.879 Tn. izan zen, errefusa (14.641 Tn) baino 2.000 Tn. gehiago, hain zuzen. "Horrek esan nahi du 2017aren aldean funtsezko aldaketa gertatu dela, urte hartan errefusa 700 Tn. gehiago izan baitzen gaikako bilketa baino. Kudeatutako hondakinen bolumenaren guztizkoa kontuan hartzen badugu, zertxobait gora egin eta 2017an 31.478 tonatik 2018an 31.520 tonara iritsi dela ikusiko dugu. Jarduera ekonomikoaren eta kontsumoaren hobekuntzari zor zaio ziur asko hazkunde txiki hori. Horrela izanda ere, gaikako bilketaren emaitza askoz ere modu esanguratsuagoan hobetu da, eta errefusaren gainetik jartzea ahalbidetu dio horrek".
Zatika, biohondakinak jarraitzen du lehenengo postuan, 4.813 tonarekin. Materia organikoan, hileko batezbestekoa 401 Tn. da, ia 50 Tn. gehiago 2017an hilero jaso zena baino. Eta gainerako zatietan ere emaitzak hobetu dira: papera 2017ko 3.824 tonatik 2018ko 3.944 tonara; beira 2017ko 2.121 tonatik 2018ko 2.253 tonara, eta ontziak 2017ko 1,219 tonatik 2018ko 1.544 tonara, hurrenez hurren. "Mankomunitateak edukiontzi-sistema berria ezarri ondoren gertatu da igoera hori, zati guztietan".
Datu horiek biztanleen kopuruarekin lotzen baditugu, biztanleko hondakinen sorkuntza 2018an 431 kilora iritsi zen guztira, eta horietatik 231 kilo gaika bildu ziren eta 200 kilo errefus gisa.
• Edukiontzien sistema berria
Edukiontzi grisaren erabilera eskualdeko herri guztietara zabaldu zuen Debabarreneko Mankomunitateak, birziklatzearen arloan Europak ezarritako helburura iristeko, % 50a gainditzeko eta 2020. urtean % 60ra iristeko bere estrategiaren barruan. 2018ko emaitzak % 53,55era iritsi dira, eta udalerrietan bost edukiontzien sistemaren alde egindako apustua bermatzen dutela uste du Mankomunitateak: grisa errefuserako, marroia organikorako, urdina paper/kartoirako, horia enbalajeetarako eta berdea beirarako.
∞Lotura duten albisteak:
- Minigarbiguneak ipini ditu mankomunitateak garbiguneetan utzi behar diren materialen gaikako bilketa egiteko (2019-01-18)
- Debabarrenak Europak ezarritako helburuak gainditu ditu hondakinen gaikako bilketan (2018-09-18)
- Tamaina handiko hondakinen birziklatzea eta Garbiguneen erabilera hobetzeko kanpaina hasi du Mankomunitateak (2018-06-06)
- Hondakinen bilketa sistema berria ezartzeko prozesuaren balorazio "guztiz negatiboa" egin du EHBilduk (2018-02-27)
- Elgoibarren zaborrak batzeko tasa bakarra izango da etxe guztientzat, 193,87 eurokoa urteko (2018-01-31)
- Errefusa biltzeko edukiontzi grisak jarriko dituzte urtarrilean Elgoibarren eta Mendaron (2017-11-26)
- Urtebetean %60ko gaikako bilketa lortzeko akordioa lortu dute EAJk, EH Bildu eta PSEk (2016-05-23)
- Hondakinen bilketa sistema hobetzeko pausoak ematea eskatu dio EH Bilduk Debabarrenako Mankomunitateari (2016-04-28)
- Bost edukiontzien sistema aprobetxatuz gehiago birziklatzeko pausoak eskatu ditu EH Bilduk (2016-02-16)
- Zabor bilketaren tasa %10 eta %15 artean igoko dela jakinarazi du Mankomunitateak (2016-02-12)
- EHBilduk proposamenak aurkeztu ditu etxebizitzen alokairua eta hondakinen gaikako bilketa sustatzeko (2015-10-28)