Debabarrenak Europak ezarritako helburuak gainditu ditu hondakinen gaikako bilketan

Barren.eus 2018ko ira. 18a, 12:09

Debabarrenako Mankomunitateak jakinarazi duenez, hondakinen gaikako bilketaren birziklatze tasa %52,69koa da eskualdean, eta honenbestez, 2020rako Europar Batasunak ezarritako helburua 2,69 puntuan gainditu du. Elgoibarrek (%52,15) gainditu du helburua; Mendarok (%45,44) ez.

Debabarrena eskualdeko mankomunitateak azpimarratu du Gaikako bilketa %29,62koa zela 2013. urtean eskualdean, eta %52,69koa izatera igaro zela 2018ko ekainean. Era horretan, 2020rako Europar Batasunak ezarritako ehuneko helburua gainditu du, gaikako bilketaren birziklatze tasa %50ekoa izatea, hain zuzen ere. Eskualdea osatzen duten herrietako datuen berri ere eman du Mankomunitateak. Debak, Eibarrek eta Mutrikuk lortu dituztela birziklatze tasa emaitza onenak azpimarratu dute, %61,12, %56,02 eta %66,07ko ehunekoekin, hurrenez hurren. Hiru kasu horietan, Mankomunitatearen bataz bestekoaren (%52,69) gainetik daude ehuneko horiek. Aldiz, Elgoibar eta Mendaro batazbestekoaren behetik daude, Elgoibarko kasuan oso gutxigatik bada ere. Gaikako bilketa %52,15ekoa da Elgoibarren. Mendaron %45,44koa da, alegia, ez da eskualdeko bataz bestekora iristen eta ezta Europak ezarritako helburura ere.

2018 09 17 debabarrena mankomunitatea arcadio benitez

Mankomunitateko presidente Arcadio Benitezek emaitza onak direla adierazi du. “Mankomunitateak bitartekoak jarri ditu eta zifrak onak dira, baina gizartea sentsibilizatzen jarraitu behar dugu gehiago parte har dezan", azaldu du. Ildo beretik, edukiontzi berriaren aldeko apostuak biohondakina biltzeko eta errefusa murrizteko erritmoa "bizkortu" duela zehaztu du. 

• Gaikako bilketa errefusaren gainetik, estreinakoz

Benitezek nabarmendu du gaika bildutako hondakin kopuruak errefusarena gainditu duela, estreinakoz. "Zehazki, 2018ko lehenengo sei hilabeteetan, 8.381 tonara iritsi zen gaikako bilketa eta errefusa, aldiz, 7.523 tonara". Kudeatutako hondakinen bolumen guztia kontuan hartuz gero, zertxobait gora egin eta 2018an 15.677 tonatik 15.904 tonara pasa zela esan du. Jarduera ekonomikoa hobetzearen eta kontsumoa hazi izanaren ondorioz dela uste du Mankomunitateko presidenteak, baina horrela izanda ere, gaikako bilketaren emaitza proportzio handiagoan hobetu dela dio, "eta errefusaren gainetik jartzea ahalbidetzen du horrek".

Gaikako bilketa zatika aztertuz gero, biohondakinen bilketa kopurua ageri da aurreneko lekuan, 2.421 tonarekin (%31,3). "Hileko batez bestekoa materia organikoaren 403,6 tona dira, 2017an hilero biltzen zirenak baino ia 40 tona gehiago". Herrietako datuei erreparatuta, Debak, Eibarrek, Mutrikuk, Soraluzek eta Mallabiak lortutako emaitzak nabarmendu dituzte. Mankomunitateak bildutako materia organikoaren biztanleko 33,20 tonako batez bestekoa gainditzen dutelako. Gainerako zatiek ere aurreko emaitzak hobetzen dituzte: papera 2017an 1.743 tona izatetik 2018an 1.916 tona (%24,5) izatera igaro da; beira 2017an 1.093 tona izatetik 2018an 1.143 tona (%14,7) izatera igaro da, eta ontziak 2017an 600 tona izatetik 2018an 781 tona (%10) izatera igaro dira. Hazkunde guzti horiek edukiontzien sistema berria instalatu ondoren gertatu direla ohartarazi du Mankomunitateak.
2018ko lehenengo seihileko datuak kontuan hartuta, 218,14 kilo hondakin sortu zituen Debabarreneko biztanle bakoitzak urteko, batezbeste: 103,19 kilo errefusa, 106,84 kilo gaiako hondakin eta 8,11 kilo autokonpostajerako. Elgoibarren 236,94 kilokoa da batezbestekoa eta 262,83 kilokoa Mendaron.

  • Biohondakinen kasuan, 33,20 kilo da eskualdeko batez bestekoa, urteko lehen sei hilabeteetan. Elgoibarren 31,66 kilo biohondakin sortzen ditu pertsona bakoitzak, batez beste. Mendaron 30,92 kilo.
  • Papera eta kartoiaren kasuan, 26,28 kilo sortu ditu eskualdeko biztanle bakoitzak, batez beste, lehensei hilabeteetan. Elgoibarren 27,64 kilokoa da batez bestekoa eta 31,76koa Mendaron.
  • Beirari dagokionez, 15,68 kilokoa da eskualdeko batez bestekoa. Elgoibartar batek, batez beste, 17,15 kilo beira hondakin sortu ditu lehen sei hilabeteetan eta 13,83 kilo mendaroar batek.
  • Azkenik, ontzietan, 10,73 kilokoa da eskualdeko pertsonako batez bestekoa. Elgoibarren 9,70 kilo eta Mendaron 12,61 kilo.