Minigarbiguneak ipini ditu mankomunitateak garbiguneetan utzi behar diren materialen gaikako bilketa egiteko

Barren.eus 2019ko urt. 18a, 14:24

Garbiguneetan egiten den gaikako bilketa herritarrei gerturatzeko eta errazteko hamabi minigarbigune jarri ditu Debabarrena Eskualdeko Mankomunitateak bailarako zortzi herritan. Elgoibarren kokatu dituzte bi eta Mendaron bat.

Debabarreneko mankomunitateak jakinarazi duenez, “Minigarbiguneen” sare berriak zati berrien gaikako bilketa hurbilduko die herritarrei birziklapenean aurrera egiten jarraitzeko. Edukiontzietan utzi ezin diren eta gaur egun arte mankomunitateko garbiguneetara eraman behar ziren material birziklagarrien gaikako bilketa egiteko sistema berria dela azaldu dute.

Guztira, hamabi minigarbigune ipiniko dituzte eskualdeko zortzi herritan. Elgoibarren bi ipiniko dituze: Trenbide kaleko 10. zenbakian eta Deba kaleko aparkalekuan (Guass dantzalekua egon zen lekuan). Mendaroko Minigarbigunea Mendarozabal auzoan egongo da.

Minigarbiguneak martxan jarri aurretik, nola funztzionatuko duten azaltzen duen informazio-triptikoak banatu dituzte etxeetan, 30.000 ale guztira, zeinean minigarbiguneen kokalekuak eta minigarbiguneetan laga daitezkeen materialak zehazten diren. Mankomunitateko presidenteak azpiegitura horiek dakarten hobekuntza nabarmendu du: “Zati berrien gaikako bilketa hurbilduko du sareak eta birziklatzean aurrera egitea ahalbidetuko digu, herritarren parte-hartzea erraztuz”.
•Zer laga daiteke Minigarbiguneetan?

Minigarbigune bakoitzak zortzi tiradera txiki dauzka honako elementu hauek uzteko: telefono mugikorrak, CD eta DVDak, bonbillak, aerosolak, bateria txikiak, pilak, telefono-kargagailuak eta erradiografiak. Gainera, tamaina handiagoko 6 kubo dauzka, 80 litrotik 120 litrora bitartekoak, honako elementu hauek lagatzeko: kable elektrikoak eta txatarra bolumen txikia, etxetresna elektriko txikiak (plantxak,txigorgailuak...) ordenagailu eramangarriak, bideo-kontsolak eta bideo-jokoak, 10 litro baino gutxiagoko edukiera duten pintura-potoak eta inprimagailuetako kartutxoak. Guztiak ere material birziklagarriak dira, bide publikoan kokatutako edukiontzietan utzi ezin direnak eta, gaur egun, garbigune bateraino eraman beharrekoak. Mankomunitatetik azpimarratu dutenez, ildo beretik jarraituko dute, baliabideak jartzen gaikako bilketa areagotzeko, “baina guztion konpromisoa behar da bilketa-ehunekoak handitzeko”.
Hamabi Minigarbigune
Eskualdeko udalerrien premiak kontuan izanda ezarri dituzte minigarbiguneen kokalekua eta kopurua. "Horrela, bat jarriko da Mallabian, bi Ermuan, hiru Eibarren, bat Soraluzen, bi Elgoibarren, bat Mendaron, bat Deban eta beste bat Mutrikun". Joan den urtarrilaren 10ean jarri zuten Mendaron eta Elgoibarkoak urtarrilaren 18an kokatu zituzten beren lekuan.

2019 01 18 minigargiguneak aurkezpena eibar Debabarrena mankomunitatea

2019 01 18 minigarbiguneak deba kalea elgoibar 1

2019 01 18 minigarbigunea elgoibar deba kalea gertutik