Mikel Gorriti eta Pilar Arriola lehen hamar sailkatuen artean Goierriko Bi Handiak mendi lasterketan

Barren.eus 2019ko uzt. 14a, 19:56

Hainbat elgoibartarrek eta mendroarrek hartu dute parte asteburuan Ehunmilak eta Goierriko Bi Handiak mendi lasterketetan. Lau elgoibartar eta mendaroar bat zeuden izena emanda Euskal Herrian jokatzen den lasterketarik luzeenean, baina bakar batek ere ez zuen amaitzea lortu. G2H proban, berriz, bederatzi elgoibartarrek amaitu zuten proba eta lehen hamar postuetan sailkatu ziren bi.

 Ehunmilak 168 kilometroko mendi lasterketaren 10. edizioa jokatu dute asteburuan. Jon Aizpuru beasaindarra gailendu zen, eta probako errekorra ondu zuen gainera 22:21:54ko denbora eginda. Bigarren, Javi Dominguez (23:05:26) sailkatu zen; eta, Jon Dorronsoro (23:50:52) hirugarren. Emakumezkoetan, Ewa Majer poloniarra izan zen azkarrena, eta honek ere probako errekorra ondu zuen, 19 minutuan ondu ere. Majerrek 27:41:47an gelditu zuen kronometroa Beasaingo plazara ailegatu zenean. Elena Calvillo beasaindarrak lortu zuen bigarren postua 30:11:28ko denbora eginez. Jaione Sasieta sailkatu zen hirugarren, 33:54:19ko denboraz.
Gure ordezkariei dagokionez, Pedro Alvarez De Pablo izan zen ibilbidean urrutien ailegatu zena. Amezketan erretiratu zen, 23 ordu eta 48 minutu zeramatzanean. Iban Fernandez pixka bat lehenxeago, Tolosan, erretiratu zen. Jesus Beristain Madarixaraino ailegatu zen eta Jon Peli Uriguenek ez zuen parte hartu. Borja Rodriguez mendaroarrak Elosuan laga zuen proba bertan behera.

 • Ongi-etorria Otsourteagan

Elgoibarko zaleek Otsourteagan egin zieten ongi-etorria parte hartzaileei. Eguneko azken argiak ezkutatzear zirela ailegatu ziren lehen parte hartzaileak, Jon Aizpuru edo Javi Dominguez kasu, baina gainerakoak gaua ondo sartuta zegoenean igaro ziren Otsourteagatik. Betan batutako bolntarioek eta zalleek animoak emateaz gainera,  jan-edana ere banatu zieten partaideei. Aipamen berezia merezi du Otsourteagan urtero lasterkariei ematen dieten flanak. Sona handia hartzen ari da eta behin probatu duenak eskatu egiten du hurrengo urtean. (irudiak beherago)
 • Goierriko Bi Handietako emaitzak
Ehunmilak probarekin gertatu den moduan, Goierriko Bi Handiak 88 kilometroko ultra lasterketa ere inoizko azkarrena izan da aurten, gizonezkoen eta emakumezkoen markak ondu baitituzte. Emakumezkoetan, Uxue Fraile donostiarra izan zen azkarrena (12:11:21), eta 2015ean Silvia Triguerosek egindako denbora lau minutuan ondu zuen. Elixabet Ursua irundarra sailkatu zen bigarren (13:51:43) eta hirugarrena, Amaia Otxoa donostiarra (14:07:02). Pilar Arriola elgoibartarrak lasterketa bikaina egin zuen eta 10. postuan sailkatu zen, 16:29:21ko denbora eginda. Gizonezkoetan Jon Azpiroz berastegiarra izan zen azkarrena (10:01:51), eta 2016an Dani Agirrek ezarritako marka ondu zuen. Mikel Gorriti Perez elgoibartarra hamargarren postuan sailkatu zen, 11 ordu, 45 minutu eta 55 segunduko denbora eginda. Hona elgoibartarren emaitzak:

  • 10. postuan Mikel Gorriti Perez (11:45:55)
  • 23. postuan Angel Quintana Garcia (12:29:49)
  • 147. postuan Jokin Rodriguez Magunazelaia (16:16:46)
  • 253. postuan Ander Arambarri Rumayor (19:22:43)
  • 254. postuan Sergio Aguiregomezcorta Uriarte (19:22:44)
  • 259. postuan Jose Nova Alvarez (19:47:42)
  • 260. postuan Egoitz Jimenez Diaz (19:47:43)
  • 261. postuan Jose Diez Revenga (19:47:48)

ARGAZKI-BILDUMA: Ehunmilak Elgoibartik (*argazkiak: Alberto Fernandez Picon)

2019 07 12 ehunmilak elgoibar otsourteaga Jon irabazlea

2019 07 12 ehunmilak elgoibar otsourteaga anoa2

2019 07 12 ehunmilak elgoibar otsourteaga anoa

2019 07 12 ehunmilak elgoibar otsourteaga umeak

2019 07 12 ehunmilak elgoibar otsourteaga flana

2019 07 12 ehunmilak elgoibar otsourteaga flana jaten

2019 07 12 ehunmilak elgoibar markaketa taldea

2019 07 12 ehunmilak elgoibar erratza irukurutzetan

 

Lotura duten albisteak: