Andrea Garai irabazlearekin besarkatuta sartu da helmugan Ainhoa Lendinez Marimurumendi maratoian

Barren.eus 2016ko uzt. 11a, 10:41

Ehunmilak probaren barruan, Marimurumendi mendi maratoia jokatu zuten domekan. Ibilbide osoa elkarrekin egin ostean, Beasaingo helmugara besarkatuta sartu ziren Andrea Garai eta Ainhoa Lendinez. Goierriko Bi Handiak proban, berriz, bederatzi elgoibartarrek amaitu zuten proba eta erretiratu egin behar izan zuen Ehunmilak lasterketan parte hartu zuen elgoibartar bakarrak, Iban Fernandezek. Elgoibarren lan egiten duen Javi Dominguez gasteiztarrak irabazi zuen 168 kilometroko ultra trail lasterketa.

Andrea Garaik irabazi zuen atzo Marimurumendi mendi maratoiaren bigarren edizioa. Bigarren egin zuen Ainhoa Lendinez elgoibartarrarekin besarkatuta gurutzatu zuen Garaik helmuga marra. Biek egin zuten denbora bera: 4:40:30. Proban parte hartu zuten 250 lagunek 42 kilometroko ibilbidea osatu zuten Usurbe, Murumendi, Kizkitza eta Izazpitik Beasain artean. Euskal Herriko txapelketarako baliagarria izan da aurten Marimurumendi lasterketa. 

•Mendizaletasunaren oinarrizko baloreak gogora

Ainhoa Lendinezek azaldu duenez, Andrea Garai eta Araitz Irazurekin batera egin zuen proba hasieratik. “Andreak eta Araitzek esan zidaten ez zeudela 42 kilometroko distantziako probak egitera ohituta, eta nirekin etorriko zirela. Lasterketa osoan berbetan joan ginen, momenturen batean lasterketan gindoazela ahazteraino. Andrea ni baino azkarragoa da, eta 30. kilometroan esan nion jotzeko aurrera, baina berak ezetz, lasterketa osoan ni joan nintzela haiengandik tiraka eta elkarrekin joango ginela. Egia esan ni kajaz oso ondo nioan, baina iaz bezala hanketako minak hasi zitzaizkidan. Fisioak esan zidan iazkoa pasatuz gero, bikiak inperdibleaz zulatzeko eta halaxe joan nintzen azken hamar kilometroetan. Araitz atzean geratu zen eta Andrea eta biok iritsi ginen Beasainera. Berak itxaron zidan bikiak igo zitzaizkidanean eta gero berak segundo batzuetako makalaldia izan zuen azken metroetan eta nik jaitsi nuen erritmoa. Txapela berak merezi du, elkarrekin sartu ginen hala adostuta, baina txapela berak eramatea nahi nuen. Antolakuntzatik esan ziguten denbora bera izan arren txipak markatzen zuenak eramango zuela txapela. Eta halaxe, andrearentzat izan zen. Batzuetan mendi lasterketetan mendizaletasunaren falta igartzen dut, eta atzo, Andrea eta biok elkarri laguntzen joan izanak, mendizaletasunaren oinarrizko baloreak ekarri zizkidan gogora. Elkarri laguntzea oinarria da mendian, hala erakutsi zidaten niri. Askok ez dute ulertu atzo eskutik iristea helmugara, baina niretzat ezin hobetuzkoa izan zen!”. Iaz ere bigarren egin zuen Ainhoa Lendinezek, Marimurumendi lasterketaren estreinako edizioan.

Garai eta Lendinez helmugara ailegatu diren unea ikus daiteke Goierriko Hitzaren ondorengo bideoan:

 Lendinezek goierritarrengandik jaso duen babesa eta maitasuna ere nabarmendu ditu. Kirola eta lana uztartu ditu gainera, azken egunotan, Beasain inguruan. Antolaketaren eta bertan laguntzen ibiltzen direnen inguruko erreportajea egiten aritu zen aurreko egunetan EITBrako eta asteburuan Etzegaraten izan da, Ehunmiletako komunikazio arloan laguntzen. Bertatik pasatzen ziren antxitxikariei elkarrizketak egiten ibili zen, eta Beasaingo helmugan jarrita egon zen pantailan zuzenean eman zituzten.

•Bederatzi elgoibartar Goierriko Bi Handiak proban

Daniel Agirre nafarra izan zen azkarrena Goierriko Bi Handiak mendi lasterketan, errekor berria ezarriz. 10:09:47 orduan egin zuen 88 kilometroko ibilbidea. Emakumezkoetan Leire Martinez santurtziarra gailendu zen, 12:53:23ko denborarekin. Gure ordezkariei dagokionez, bederatzi elgoibartarrek amaitu zuten proba, tartean hiru emakumek. Hona hemen sailkapen nagusia eta elgoibartarren sailkapena:

  • 54. postua - Haritz Arribillaga (14:27:42)
  • 99. postua - Julen Salaberria (16:02:34)
  • 189. postua - Sergio Agirregomezkorta (18:00:34)
  • 199. postua - Andoni Gabilondo (18:07:54)
  • 236. postua - Asier Cordon (19:18:14)
  • 245. postua - Asier Arregi (19:29:44)

 

  • 16. postua - Mayi Mujika (19:29:46)
  • 18. postua - Izaskun Hurtado (19:32:12)
  • 25. postua - Arantza Beristain (20:56:30)

 

•Javi Dominguezen hirugarren garaipena Ehunmilak proban

Elgoibarren lan egiten duen Javi Dominguez gasteiztarrak irabazi zuen Ehunmilak ultra trail probaren zazpigarren edizioa. Hirugarren garaipena du aurtengoa, 2014 eta 2011. urteetako edizioak ere irabazi baitzituen. 23:22:37 ordu behar izan zituen 168 kilometroko lasterketa amaitzeko (ikusi probaren kronika goierri.hitza.eus). Elgoibartar bakarra zegoen izena emanda, Iban Fernandez, baina Madarixa inguruan erretiratu egin behar izan zuen. (ikus Ehunmilak probako sailkapen nagusia)

 marimurumendi garai ainhoa lendinez goierrikohitza

marimurumendi ainhoa lendinez oinez elgoibar

ehunmilak podium dominguez elgoibar

ainhoa lendinez andreagarai marimurumendi goierri hitza

marimurumendi podiuma emak

marimurumendi podium lendinez elgoibar

goierri 2 handiak elgoibar

goieri 2 handiak arantza beistain