Industria sektorean indarrean zegoen lan gatazka luzeena konpondu dela nabarmendu du LAB sindikatuak. Tecman enpresako langileek 105 egun egin dituzte greban. Grebari amaiera eman dion LABek sinatutako akordioak langileen eskaera guztiak jasotzen dituela dio sindikatuak. Honako hauek:
- KPItik gorako soldata igoerak.
- Guardiak borondatezkoak izango dira. Gainera, egitea erabakitzen duten langileek gehiago kobratuko dute guardiengatik.
- Aldi baterako hiru kontratu mugagabe bihurtuko dira.
- Aldi baterako ezintasun guztiak, bai arruntak eta baita lanetik eratortzen direnak, %100raino osagarrituko dira.
- Larunbat eta Igandeak 1:20 eta 1:40ra konpentsatuko dira, hurrenez hurren.
Lan erreformaren aurrean blindatuta dagoen itun batean jaso dutela akordioa dio LABek. Tecmaneko beharginek batzar batean onartu zuten akordioa, aho batez. Langileek 105 egun "luze" horietan erakutsitako "konpromisoa" eta "elkartasuna" txalotu ditu sindikatuak. "Borroka eta mobilizazioen bidez lortu dugu lan baldintzak duinduko dituen akordio", adierazi dute. Era berean, LABek eta langileen batzarrak eskerrak eman dizkiete "hilabete luze hauetan" babesa erakutsi dien guztiei, bereziki Mendaroko Ospitaleko langileei, denen artean lortu dutela azpimarratuz.
∞Lotura duten albisteak: