Hotzari -1,5 gradu markatzen zuen termometroak Karakateko tontorrean-, haizeari eta elurbustiari aurre eginez, 56 lagunek hartu dute parte 26. Karakateko igoeran. Eta, bi bakarrik erretiratu dira, gainerako guztiak ailegatu dira tontorrera, eta hori bera garaipenaren parekoa izan da gaurko baldintzetan. Gizonezkoetan azkarrena Gernikako Javier Goitia izan da. 30 minutu eta lau segundoan osatu du igoera. Goitiak 34 segunduko aldea atera dio helmugan Pello Osoro eibartarrari. Triatloietan eta mendiko eskian aritzen da Osoro, eta igoera bertikaletan ere ondo moldatzen dela erakutsi du. Julen Oaizola ermuarrak egin du hirugarren, 31:24ko denborarekin. Irabazleak, Javier Goitiak, estreinakoz hartu du parte Morkaikok antolatzen duen igoeran. Goizean esnatu eta zegoen eguraldia ikusi duenean parte hartu ala ez zalantzan egon dela aitortu du, baina etortzea erabaki du. Karakateraino ailegatzeko bidea "gutxi gorabehera" ezagutzen duela esan du, baina ez zuela proba irabazterik espero, inondik inora. "Beti esan didate oso lasterketa polita dela, ikusle asko batzen dituela, eta halaxe izan da. Kanpaiak jo dutenean frontisetik irten eta plazan jendea zegoen. Gora ailegatu eta elurra ari zuela horrenbeste ikuslerekin topo egitea oso polita izan da, errepikatzeko gogoz laga nau", adierazi du. Emakumezkoetan ere Bizkaia aldera joan da garaipena, Sonia Lopez ermuarra gailendu baita, 38:38ko denbora eginda.
Ioritz Conde (31:24) eta Naomi Revert (42:27) izan dira lehen elgoibartarrak gaur, eta Aurpegi Onenaren Saria Iosu Idakezi eman dio Morkaikok. Hiru lagun izaten dituzte parte hartzaileek tontorrera iristean dakarten aurpegikerari begira eta horiek erabakitzen dute Mausitxako gazta norentzat den. Irabazleek ere jaso dute Mausitxako gazta. Udaletxeko arkupeetan egin behar izan dute sari banaketa ekitaldia, Karakate gainean ez baitzen giro protokoloetarako.
*Mila esker laburpen-bideoa osatzeko lagundu diguzuen Morkaikoko boluntarioei.
•Azken urteetako irabazleak:
- 2018an Iñigo Lariz eta Mayi Mujika
- 2017an Iban Murua eta Ainhoa Lendinez
- 2016an Iban Murua eta Maite Maiora
- 2015ean Iñigo Lariz eta Ainhoa Lendinez
- 2014an Iñigo Lariz eta Nahia Quincoces
- 2013an Iñigo Lariz eta Nahia Quincoces
- 2012an Iñigo Lariz eta Nerea Amilibia
- 2011n Oier Ariznabarreta eta Maite Maiora
- 2010ean Oier Ariznabarreta eta Maite Maiora
- 2009an Oier Ibarbia eta Nerea Amilibia
- 2008an Josu Arregi eta Oihana Kortazar
- 2007an Iñigo Lariz eta Pilar Arriola
- 2006an Aritz Kortabarria eta Pilar Arriola