Elgoibarko Lagun Taldea txirrindulari eskolak egunez aldatu behar izan zuen txirrindulari denboraldiari amaiera ematen dion afizionatuentzako proba, Julian San Juanen Oroimenezko San Pedroko igoera. Trafiko baimenak garaiz lortu ezin izan zituztela eta, ezin izan zen bere ohiko egunean, urriaren 12an, jokatu.
Domeka honetan, azaroaren 17an jokatuko dute Idotorbeko igoera. Antolatzaileek parte hartzera animatu dituzte txirrinduzaleak, eta maila bakoitzeko irabazlearentzat egongo direla sariak jakinarazi dute. Kalegoen plazatik irtengo dira txirrindulariak, 12:00etan, eta lau kilometroko igoeran %9,5eko batez besteko pendiza gainditu beharko dute. Egunean bertan eman daiteke izena Kalegoen plazan, 11:00etatik 12:00etara, 5 euro ordainduta. Iaz 58 txirrindularik hartu zuten parte, eta Iker Eskibel eta Amaia Urkidi gailendu ziren. Eskibel aretxabaltarrak jarraian lortzen zuen hirugarren garaipena eskuratu zuen, baina ez zuen ondu 2017an ezarri zuen errekorra: 13 minutu eta 17 segundo.
• 26. Karakateko igoera, zapatuan
Zapatu honetan, azaroaren 16an, jokatuko dute Karakateko igoeraren 26. ekitaldia, 11:00etan irtengo dira korrikalariak Kalegoen plazatik, eta Karakatera arteko bidea egin beharko dute, norberak aukeratzen duen bidetik. Interesatuek aurrez eman dezakete izena morkaiko@morkaiko.net helbidera idatzita, edo egunean bertan, 10:00etatik aurrera Kalegoen plazan. Iaz 70 lagunek hartu zuten parte eta Iñigo Lariz eta Mayi Mujika izan ziren azkarrenak. Larizentzako seigarren garaipena izan zen. Jose Mari Fernandez "Suso"k dauzka garaipen gehien proba honetan, zazpi alditan irabazi baitzuen. Eta ez hori bakarrik, batean izan ezik edizio guztietan hartu du parte Susok. 2017koan bakarrik huts egin zuen, belauneko min batengatik. Probako errekorra, berriz, Iban Muruak ezarri zuen 2017an: 26 minutu eta 17 segundo.