"Egia da bonuak arrakastatsu izaten ari direla, logikoa denez, Udalak herritarren esku jartzen duelako diru partida bat herrian kontsumitzeko. Gure lehentasunen artean ere markatu genuen hau lehenago, merkataritza dinamizatzeko tresna izan daitekeelako egitasmo oso baten barruan. Eta hori da guk faltan botatzen duguna udal gobernu honetan: kudeaketa eta begirada estrategikoa. Nola ez zuten ba aurreikusi hau gerta zitekeenik?" galdetu du EH Bilduk.
Bono kanpaina inorekin kontatu gabe antolatzea ere egotzi dio. Larriena, baina, herritarren osasuna arriskuan jarri dutela izan da EH Bilduren ustez. "Maiatzaren 27an, asteazkenean, bonuak herritarren eskura jarri zituztenean ikusi genituen irudiak oso larriak dira. Pandemia egoera honetan herritarren ardura eskatzen ari gara, eta udal gobernutik zabarkeria eta arduragabekeria honekin jokatzea zilegi da? Eskerrak herritarrek arduratsu jokatzen dutela! Udal gobernuak kasu honetan erakutsi duen inprobisazioa oso larria da", salatu du.
Gauzak presaka eta ondo aztertu gabe egiteak ondorioak dakartzala ohartarazi die EH Bilduk udaleko agintariei. "Herritarren ezinegona eta EH Bilduk egindako proposamenen aurrean erreakzionatzea beste biderik ez zitzaion gelditu EAJk eta PSE-EEk osatzen duen udal gobernuari, eta bonuen kanpaina martxan jarri zuten medioetan, gauzak lotu gabe. Asteazken honetan ikusi dugu inprobisazio horren ondorioak. Gure inguruko herrietan ikusi ditugu bonuak banatzeko modu eraginkorragoak, osasuntsuagoak eta arduratsuagoak. Aukera zegoen denon artean horiek begiratu, aztertu eta adosteko. Baina udal gobernuak betikoa egin du: inori entzun ez eta berea egin. Gobernatzeko eredu horren ondorioak atzo Elgoibarko kaleetan ikusitako irudiak dira. Jendea oso haserre etorri da guregana, eta jakin badakigu, kexa formal ugari erregistratu dituztela udalean bonuen banaketa sistemak sortu dituen ezinegon eta arriskuen adierazle. Hau ezin da berriz gertatu.".
Elgoibarko EH Bilduko arduradunek diote prest daudela hemendik aurrerako ekimenetan laguntzeko, azkenengo udalbatzarrean adierazi zuten moduan. "Aurrekontuak berraztertu behar dira, baina denon artean, ekimenak adostuz, lehentasunak markatuz. EH Bildutik ez dugu marketin eta orrazketa sinplerik onartuko. Gure elkarlan zintzoa nahi badute, hor izango gaituzte, baina ez beraien proposamenei eta egiteko moduei gure oniritzia emateko soilik. Elkarlana eta lanketa arduratsua dira bide bakarra. Bestela, asteazkenean ikusitako irudiak errepikatu daitezke, eta Elgoibarrek ez du hori merezi!", esan dute.
∞Lotura duten albisteak:
-
1.236 bono banatu ditu Udalak gaur, baina banaketa egiteko moduak haserreak sortu ditu (2020-05-27)
- Kalebarrenetik Kalegoen plazara arteko ilarak sortu dira merkataritza bonoak eskuratzeko (2020-05-27)
- Merkataritza dinamizatzeko bonoak eguaztenetik aurrera jarriko dituzte salgai (2020-05-22)
- Herriko merkataritza sustatzeko bono kanpaina abian da Mendaron (2020-05-25)
- Berraktibazio plana abian jarrita milioi bat euroko inpaktu positiboa sortzea aurreikusten du Elgoibarko Udalak (2020-05-08)