Maria Baztarrika eta Jose Ramon Muruamendiarazek sortu zuten gozotegia 1935ean, gerra aurreko urtean hain justu ere. Elosutik etorri zen bikotea Elgoibarrera, eta San Frantzisko kalean zabaldu zuten denda, gaur egun Rural Kutxa dagoen lokalean. Janari denda zabaldu zuten, baina Jose Ramon gozogilea zen, eta obradore txiki bat jarri zuen lokalaren atzeko aldean, pastelak egiteko. Garai hartan ezinezkoa zen pastelak saltzetik bizimodua egitea, eta gainerako jakiak ziren dendaren oinarria. “Asteburuetan eta egun seinalatuetan bai, baina bestela jendeak ez zituen pastelak erosten”, esan dute Juani, Mertxe eta Pilar Muruamendiaraz ahizpek. “Luxua zen garai hartan pastelak erostea, eta askok isilpean erosten zituzten”. Zortzi seme-alaba izan zituzten Jose Ramonek eta Mariak: Isabel, Pilar, Mari Tere+, Jose Mari, Juani, Luis Mari+, Mertxe eta Ramon+. Lehenengo laurak San Frantzisko kaleko lokal horretan bertan bizi izan ziren, etxea ere bertan zuten-eta. 1943an lekualdatu ziren San Bartolome kalera, eta oraindik ere lokal berean batu zituzten gozotegia eta janari denda. 1963an bereiztu zituzten pastelak eta ohiko jakiak, bi lokaletan, eta 1986an, gozotegiak hartu zuen lokaletako bat bere osotasunean eta bestean jarri zuten obradorea. Azken aldaketa 2006an egin zuten: obradorea Sigmako industrialdeko lokal batean kokatu zuten, inbertsio handia eginda.
“Obradore berria jarri genuen, makina berri eta modernoekin, etorkizunean pentsatzen”. Inbertsio horrek produkzioa handitzea ahalbidetu zuen, eta ondorioz Muruamendiarazeko produktuak Elgoibartik kanpora saltzea ere bai. Debagoieneko ia herri guztietara saltzen hasi ziren, eta Debabarrenean ere leku askotara saltzen zituzten pastelak. Hala ere, ez da nahikoa izan gozotegiak aurrera egiteko.
•Mendea betetzeko gertu
Familia negozioa izan da Muruamendiaraz. Jose Ramon aitaren lekua hartu zuen Jose Marik obradorean, zortzi neba-arreben artean laugarrena zenak. Aitarengandik ikasi zuen ofizioa, eta urteetan egon zen obradoreko arduradun, 54 urterekin gaixotu zen arte. Juanjo Bastarrika Txutxo lehengusuak hartu zuen haren lekua 1973an, 16 urterekin. 44 urte egin ditu Txutxok obradorean, harik eta 2018an, 61 urte beteta, jubilazio partziala hartu zuen arte, errelebo kontratua sinatuta. Erretiroa hartu aurretxoan hasi zen ordezko bila, bai etxe barruan zein kanpoan, baina inor ez zen agertu obradorearen ardura hartzeko prest. Iloba batek ostalaritza eta gozogintza alorreko ikasketak egin zituen eta harengan zeukaten jarria itxaropena. Urte batzuk egin zituen iloba horrek obradorean lanean, baina hark ere beste bide bat hartu zuen Jesus Ezenarro 2015ean jubilatu zen, eta Josetxo Etxeberria eta Juanjo Bastarrika 2017an eta 2018an partzialki jubilatu baziren ere, oraindik enpresako langile izaera mantentzen zuten, eta Juanjo bera
azken-azkenera arte aritu da obradoreko lanetan. Enpresako administradore lanak ere Jon Lizarraldek egiten zituen, Juani Muruamendiarazen semeak. Bere lan jarduna amaitu ondoren heltzen zion Lizarraldek gozotegiko administrazioari. Eta aurrerantzean ere oraindik laguntzeko prest zeuden bai Juanjo eta baita Jon bera ere, baina negozioa bera beste batzuen esku utzita, eta hori ez dute lortu. “Saiatu gara egungo lantaldeak har zezan obradorea, eta oso baldintza onak eskaini dizkiogu gainera”. Horren trukean familiak, baina, baldintza bat jarri zien: “Gozotegiak aurrera egitea, betiko filosofiarekin, betiko produktu artisaua eta primerako zerbitzua ematen”. Langileek ez zuten aurrera egin.