Muruamendiaraz gozotegia itxi dute, eta 85 urteko historia amaitu da

Barren.eus 2020ko ira. 28a, 12:28

Elgoibar eta inguruko herrietan ezagunak dira Muruamendiaraz gozotegiko bonbak, hojaldrezko tartak, milojak edo pastak. Halaxe izan dira joan den 85 urtean, Jose Muruamendiaraz eta Maria Bastarrika senar emazteek 1935ean gozotegia ireki zutenetik. Atzo itxi zituen ateak betirako.

Ahoz aho zabaldu zen herrian Muruamendiaraz gozotegia ixtekoak zirela, eta jende-ilara luzeak sortu ziren atzo, zabaldu zuten azken egunean. Egun seinalatu, ospakizun edo ahoa gozatzea nahi zutenetan erosi izan dituzten gozoak erosi nahi zituzten hainbat bezerok, azkenengoz. Lehen ohikoagoak ziren halako ilarak, sona handiko produktuak egin izan baitituzte Elgoibarko mugez harago ere ezaguna den gozotegi honetan.

2020 09 28 muruamendiaraz gozotegia itxita elgoibar

Familiko negozioa izan da Muruamendiaraz gozotegia Jose Muruamendiaraz eta Maria Bastarrika senar emazteek 1935. urtean sortu zutenetik. Harrezgero, haien ondorengoek eutsi diote tradizioari. Pilar, Juani eta Mertxe Muruamendiaraz ahizpek gozotegiaren obradore edo lantegian kokatu dute itxiarearen arrazoia, BARRENi adierazi diotenez. "Gurekin urteak zeramatzaten gozogileak erretiroa hartzen joan dira banan banan, eta sartu diren berriek ez dute asmatu obradorearen martxa hartzen, eta negozioak igarri egin du. Obradoreak ez badu ondo funtzionatzen: akabo!. Gainera, hemengo jendeak ez du lan egin nahi obradorean, lan gogorra eta lotura askokoa delako", azaldu dute. Obradorearena arazo nagusia bai, baina ez dela bakarra izan gaineratu dute, artisautza gozogintzari eusten dioten negozioak orohar krisian daudela uste baitute, besteak beste, konpetentzia handiagoa dutelako gaur egun. Era berean, euren produktuak kalitatean behera egin dutela ere aitortu dute, "halaxe jakinarazi digute-eta zenbait bezerok".

Azken urteetan ahalegin ugari egin dituzten arren, ezin izan diotela negozioari eutsi diote muramendiaztarrek, penaz. "Ahaleginak eta bi egin ditugu gozogileak bilatzen, familia barruan ere bai, baina antzuak izan dira ahalegin guztiak". Hartzekodunen lehiaketan sartu ziren eta ezin izan dute gainditu. Sei beharginek egiten zuten lan obradorean eta beste hiruk dendan. Elgoibarren ez ezik, Mendaron, Eibarren, Ermuan, Deban, Zumarragan eta Aretxabaletan ere saltzen zituzten Elgoibarren eginiko gozoak. Muruamendiaztarrek eskerrak eman dizkiete 85 urteotan bezero izan dituzten lagun guztiei.

2020 09 28 muruamendiaraz gozotegia sortzaileak jose maria

2020 09 28 muruamendiaraz gozotegia saltzaileak dendan 2010 barren