Elgoibarko Izarrako Atxutxiamaika Sailak antolatu ohi du urtero Elgoibarren Olentzero eta Mari Domingiren kalejira, baina aurten ezin izango dela egin aurreratu dute. Eta jakina, egun horretan, elkarteak Kalegoen Plazan jarri ohi duen tonbola eta talo-posturik ere ez da izango aurten. Hala ere, antolatzaileek mezu lasaigarria bidali nahi izan diete herriko haur eta familiei, eta aurreratu dute bai Olentzerok eta Mari Domingik asmatuko dutela bidea etxeetara iristeko. Errege Magoen kabalgata antolatzea, aldiz, Katekesi taldearen arduran egon ohi da Elgoibarren, baina arrazoi beragatik, aurten ez dira errege magoak kalez kale ibiliko herrian.
• Mendaron ere, antzera
Mendaron ere gauza bera. Urte berezia da aurtengoa, eta segurtasun neurri guztiak hartzea dagokigu birusa gehiago zabaldu ez dadin. Horregatik, Ameikutz Musika Eskolatik jakinarazi dute aurten ez dutela antolatuko Eguberrien bueltan egin ohi duten jaialdia, eta Santa Zeziliaren omenezko kontzerturik ere ez dutela egingo. “Ez da momentua. Arduraz jokatzea dagokigu”, zabaldu dute. Olentzero eta Mari Dominginen kalejira ere Ameikutz Musika Eskolaren arduran egon ohi da, baina aurten ezin izango da egin. Hala ere, Mendaro Ikastolarekin harremanetan jarri da Udala, Gabonetako oporraldi aurreko azken egunean Olentzerok eta Mari Domingik ikastolan gelaz gela joateko aukerarik duten aztertzeko. Erregeen kabalgata antolatzeko ardura Arno Guraso Elkarteak hartu izan du urteetan, baina aurten aurreratu dute erregeak ezingo direla kalez kale ibili. Hala ere, Elgoibarren antzera etxeetara iritsiko direla zabaldu dute.