Guztira, 3.155 herritar daude deituta PCR baheketa selektibo honetara, 13 eta 40 urte arteko elgoibartarren kopurua, alegia. Osasun Sailak jakinarazi duenez, PCR probak egitea borondatezkoa da, eta jakinarazi dute joateagatik bakarrik ez dela berrogeialdirik gorde beharko. Bihar proba egin nahi dutenek honako telefono zenbakietara hots egin behar dute txanda hartzeko: 943 032 644 edo 900 20 30 50 (Osasun aholkua)
PCR probak ateratzeko azpiegitura Elgoibarko Osasun Zentruan jarriko dute gaur eta bihar. PCRak honako ordutegi honetan egingo dira: 15:00-19:00.
Osasun Sailak jakitera eman duenez, PCR proba egin ondoren komenigarria da harreman sozialak saihestea, maskara erabiltzea eta segurtasun distantziak mantentzea. Proben emaitzak gehienez ere 72 ordura jasoko dituzte herritarrek SMS bidez, eta emaitza positiboen kasuan, telefonoz ere dei egingo zaie.
Osasun Sailak eta Osakidetzak herritar guztiei gogorarazi diete COVIDekin bateragarriak diren sintomak edukiz gero –besteak beste, sukarra, eztula, eztarriko mina, arnasteko zailtasunak edo usaimenaren galera– beren etxeetan isolatzeko eta osasun-zentrora deitzeko.
Elgoibarkoa ez da eskualdean egingo duten baheketa bakarra izango, Soraluzen ere egin berri baitute. Aurrez Eibarren eta Ermuan ere egin zituzten. Eibarko kasuan, deituta zeuden 7.000 lagunetatik 3.164 bertaratu ziren PCR probetara., eta 38 positibo atzeman zituzten guztira, beraz, positibotasun-tasa % 1,20ra iritsi zen, beste udalerri batzuetan egindako baheketetan baino maila altuagoa.
∞Lotura duten albisteak:
- EH Bilduk gardentasuna eskatu die udal gobernuari eta Osakidetzari, Elgoibarren baheketa masiboa egingo dutela iragarri ostean (2020-11-25)
- Elgoibarren baheketa selektibo bat egingo dute eguenean eta barikuan (2020-11-24)
- Udalak dio Elgoibarren agerraldiak kontrolatuta daudela eta fokuak momentuz ez daudela behar bezain sakabanatuta baheketa masiboa egiteko (2020-10-30)
- Elgoibarren PCR baheketa masiboak egin ditzatela exijitzeko eskatu dio EHBilduk Udalari (2020-10-29)