Elgoibarko EH Bildutik jakitera eman dutenez, "oso kezkatuta" daude anbulatorioan ez delako etenik gabeko arreta ematen. "Duela urte batzuk, etenik gabeko zerbitzua ematen zen anbulatorioan. Gero, 20:00etara murriztu zuten. Orain, astelehenetik ostiralera eta 17:00ak arte ematen du zerbitzua". Egoera honen aurrean, ekimen politikoa hartzea erabaki du EH Bilduk. Hala, herriko gainerako alderdien artean akordio politikoa bilatu nahi dutela jakinarazi dute EH Bilduko zinegotzi Jon Peli Uriguenek eta Aitziber Aranberrik, gaur egin duten prentsaurreko agerraldian. Alderdien arteko akordio hori nahi dute gero Osakidetzaren zuzendaritzari elkarrekin eskatzeko anbulatorioaren ordutegia etenik gabekoa izatea. Era berean, jakitera eman dute Osasun Sailari bideratutako hainbat galdera aurkeztu dituztela Gasteizko Legebiltzarrean.
"Gure udalerriko anbulatorioak ez du urteko 365 egunetan 24 orduko zerbitzu iraunkorra ematen. Osakidetzako zuzendaritzak hainbat murrizketa egin ostean, astelehenetik ostiralera eta 17:00ak arte baino ez dugu anbulatorio zerbitzua Elgoibarren. Larrialdi edo premia mediko guztietarako, Elgoibarko bizilagunek Eibarrera edo Mendarora joan behar izaten dute, horrek dakarren nahastearekin", zehaztu du Jon Peli Uriguenek.
Elgoibarko anbulatorioan egindako "murrizketa" salatzeko herriko hainbat eragilek azken hilabeteetan egin dituzten mobilizazioak ere gogora ekarri dituzte, eta baita eragile horiek EH Bilduren bitartez uztaileko udalbatzarrean aurkeztu zuen mozioa ere."Mozio horrek anbulatorioko zerbitzu jarraitua berrezartzea eskatzen zuen, baina ez zen aurrera atera, EAJren eta PSEren aurkako botoa jaso baitzuten. Garai horretan, anbulatorioan egindako ordutegi murrizketarekin 1.000 elgoibartar baino gehiagok Osakidetzako zuzendaritzari kexa helaraztea lortu zuen mugimendu sozial horrek. Garai horretan esaten ziguten murrizketa hori udako hilabeteetarako baino ez zela. Denborak erakutsi du Elgoibarko anbulatorioko murrizketa geratzeko iritsi dela", esan du Uriguenek.
Elgoibarko EH Bilduk uste du herriko alderdi politikoak ezin direla besoak gurutzatuta geratu bizilagunen "bizi-kalitateari zuzenean eragiten dion murrizketa" honen aurrean. "Osasuna eta pertsonen zaintza lehen mailako beharra da, eta ezin da murriztu, are gehiago bizi behar dugun pandemia-egoeran. Elgoibarko bizilagunek Osakidetzaren gainbehera jasan dute azken urteotan: urteko 365 egunetan ez diete eguneko 24 orduetan arreta ematen, osasun-profesionalak falta dira, eta hori nabari da eskaintzen den zerbitzuan. Gehiegitan telefono bidez ematen zaie arreta. Osakidetzako profesionalek behin baino gehiagotan salatu dute osasun publikoaren zuzendaritza egiten ari den murrizketek eragina dutela haien errendimenduan eta emandako zerbitzuan. Elgoibarko anbulatorioko profesionalen ahaleginak eta konpromisoak bakarrik lortu dute gero eta handiagoak diren gabeziak arintzea", azaldu du Aranberrik.
Aipaturiko arazo guztirei konponbidea emateko asmoz, ekimen politikoa hartzea erabaki dutela azaldu dute EH Bilduko zinegotziek. Alde batetik, EH Bilduk Elgoibarren anbulatorioarekin gertatzen ari den egoera salatu du Eusko Legebiltzarrean, eta hainbat galdera aurkeztu dizkio idatziz Osasun Sailari, hala nola noiz ekingo dion Elgoibarko anbulatorioko etengabeko arreta zerbitzuari.
• Osasun publikoaren aldeko akordio politiko bat Elgoibarren
Hala ere, uste dute ekimen politiko hau ez dela Gasteizko Legebiltzarrera mugatu behar. "Elgoibarko alderdi politikook argi izan behar dugu gure lehentasuna gure udalerriko herritarren bizi-kalitatea zaintzea eta hobetzea izan behar dela, eta osasun-arloko murrizketak gure bizilagunen eskubideen aurkako eraso zuzena direla. Horregatik, Elgoibarko EH Bilduk bilera erronda bat egingo du gure udalerriko alderdi politikoekin, osasun publikoaren aldeko akordio politiko bat proposatzeko eta anbulatorioan etengabeko arreta zerbitzua berrezartzea exijitzeko". Hain zuzen ere, Elgoibarko alderdi guztien izenean Osakidetzako zuzendaritzara bidaliko zaion dokumentua adostea proposatuko die EH Bilduk.
• Elkarretaratzea, eguaztenean
Eguazten honetan, otsailaren 24an, Gaurgeroa-Duintasunak deituta anbulatorio aurrean egingo den elkarretaratzean parte hartzera deitu dituzte herritarrak Uriguenek eta Aranberrik. "EH Bilduk ez du hutsik egingo eta Elgoibarko herritarrak bertan parte hartzera gonbidatzen ditu. Elkarrekin jardunez bakarrik lortuko dugu Osakidetzako zuzendaritzak iritziz aldatzea eta kendu ziguna berrezartzea".
∞Lotura duten albisteak:
- Amaia Goikoetxea: “Hemen, zazpiren lana egiten aritu gara hiru-lau mediku oraintsu arte” (2020-12-04)
- Kalitatezko osasun zerbitzu publikoa eskatzeko mobilizazioak egin dira (2020-11-05)
- Osasungintza publikoaren kudeaketa “desastre hutsa” dela salatu dute (2020-11-04)
- Gaurgeroa-Duintasunak anbulatorioko murrizketen kontra aurkeztutako mozioaren kontramozioa onartu du Udalbatzak (2020-07-24)
- Kale inkesta: Zer irizten diozu anbulatorioko zerbitzuari? (2020-07-10)
- Elgoibarko Osasun Zentroan izan diren murrizketen kontrako manifestazioa egin dute (2020-07-06)
- Iratxe Ocerin: “Inoiz ez dugu kolapso egoerarik izan Debabarreneko ESIn” (2020-05-15)