Mozioan jasotzen zuten Elgoibarko anbulatorioan murrizketak egin dituela Osasun Sailak. Lehen 24 orduko arreta ematen zuten anbulatorioan, gero gauerdira artekoa eta orain arratsaldeko 17:00etan ixten dute. Horrez gain, telefonoz ematen dute zerbitzua, eta aurrez aurreko zitak asko gutxi direla salatu dute. Mozioan eskatzen zuten murrizketak eten eta berriz ere 24 orduko arreta zerbitzua eskaintzeko eta ESIko langileen lan baldintzak errespetatzeko.
Mozioak ez zuen aurrera egin, EAJk eta PSE-EEk kontra bozkatu zutelako. EAJk argudiatu zuen Osasun Sailak hartutako neurriak ez direla murrizketak, baizik eta "baliabideen egokitzapena" izan dela. EAJk esan zuen osasun krisia gainditzen denean dena normaltasunera itzuliko dela. Era berean, horrelako osasun krisi egoera batean gai honi “erabilera politikoa” egitea ez dutela onartuko gaineratu zuten. Horren ostean, kontramozioa aurkeztu zuen EAJk, eta hori onartu zuen Udalbatzak, EAJ eta PSE alderdien aldeko botoekin. Mozioan ageri denez, Elgoibarko osoko bilkurak, Osasun Sailarekin elkarlanean jarraitzek konpromisoa hartzen du, eta aurrerantzean ere zerbitzua indartzen jarrai dezala eskatzen dio, orain artean bezalaxe. Bukatzeko, babesa eta esker ona adierazi zieten elgoibartarren alde osasun zerbitzuetan lanean ari diren profesionalei.