Arriaga industrialdea urbanizatzeko lanen bigarren fasea lizitaziora atera du Elgoibarko Udalak

Barren.eus 2021ko mar. 12a, 15:15

Elgoibarko Udalak martxan jarri du Arriaga industrialdea urbanizatzeko proiektuaren bigarren fasea esleitzeko prozesua. Lehen fasea gauzatuta dago, 2020ko otsaila eta uztaila bitartean egin baitzituzten lanak. Bigarren fase honetan industrialdeko behealdean egingo dituzte hobekuntza lanak, sarbidearen inguruan.

Bigarren faseko urbanizazio lanen helburua da eremuko irisgarritasun edota argiteria arazoei irtenbidea ematea, besteak beste. Gauzak horrela, egingo diren lanen artean, galtzada zein espaloiak konpondu, zintarriak berreraiki edota zazpi argiztapen puntu berri jarriko dituzte.

Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 249.233,62 eurokoa da (BEZik gabe) eta Udalak datozen asteotan esleitzea espero du. Behin lizitazio prozesua amaituta, obren exekuzio epea hiru hilabetekoa izango da. Arriaga Industrialdearen urbanizatzeko proiektuaren 2A Fasearen obren exekuziorako hirigintza hitzarmena sinatu zuten Elgoibarko Udalak eta Arriagan dauden Danobat, Ideko eta Goiti kooperatibek.
Ane Beitia alkateak adierazi du oso garrantzitsua eta estrategikoa dela eremu industriala zaindu eta bultzatzea. "Udaletik ekosistema ekonomiko egoki bat sustatzen jarraitu nahi dugu egungo enpresei lurzoru eta baliabide egokiak eskaini, eta enpresa berriak erakartzeko. Horrek kalitatezko enpleguaren mantenua eta lanpostu berrien sorrera dakar. Gure apustua da, laburrean, ehun ekonomikoaren babesa, sustapena eta lanpostuen sorrera bultzatzea. Hori da herritarren ongizatearen pilare garrantzitsua”.
 • Hirugarren fasea, 2022an
Alkateak nabarmendu du gainera, industriaguneetan inbertitzen jarraituko dutela, eta aldi berean, SPRIrekin elkarlanean, lurzoru industrialaren sustapenean: “Arriagako bigarren fasea garatuko dugu orain, eta hirugarrena datorren urtean. Arriaga guztiz eraberritua utziko dugu. Bestalde, bertako urak jasotzeko hitzarmena bultzatuko dugu ere Ura Ur Agentziarekin. Hurrengo pausua Lerungo eremu industrialean garatuko dugu. Orain, jabeekin hitzarmena bultzatuko dugu industriagunea gureganatzeko”, esan du Beitiak.

2021 03 12 arriaga industrialdea 2fasea hasiaurretik elgoibar barren 1

2021 03 12 arriaga industrialdea 2fasea hasiaurretik elgoibar barren

2021 03 12 arriaga industrialdea 2fasea hasiaurretik elgoibar barren 2

∞Lotura duten albisteak: