Arriaga industrialdea urbanizatzeko lanen lehen fasea lizitaziora atera du Udalak

Barren.eus 2019ko aza. 29a, 15:57

Arriaga industrialdeko partzelen jabeek eta Elgoibarko Udalak adostu dute 1,33 milioi euroko inbertsioa egitea industriagunea berurbanizatzeko. Bi fasetan egingo dituzte lanak, eta Udalak aste honetan lizitatu ditu lehen fasea gauzatzeko lanak. 1970ean eraiki zuten industrialdea eta ordutik ez da hobekuntza lanik egin.

Elgoibarko Udalak 537.535 euro (BEZa barne) bideratuko ditu urbanizazio proiektuak dituen bi faseetatik lehenengoaren lizitaziora. Enpresek abenduaren 23ra arte aurkeztu ahal izango dituzte proposamenak, eta exekuzio epea sei hilabetekoa izango da. Bigarren faseko obrak aurrerago egingo dituzte, elkarren artean loturarik ez dutela-eta. Bigarren faseko lanek zortzi hilabeteko iraupena izango dute eta 794.260 euro (BEZa barne) inbertituko dituzte. Guztira 1,33 milioi eurokoa (BEZa barne) izango da urbanizaziorako inbertsioa.

Elgoibarko Udalak Injelan S.L. enpresari enkargatu zion Arriaga industrialdearen urbanizazioa egiteko aurre ikerketa idazteko lana, lanon kostua eta irismena aztertzeko helburuarekin.
Iosu Arraiz hirigintza zinegotziak azaldu duenez, exekuzio-proiektua idatzi ondoren, Udaletik Birpartzelazio Ekonomikoaren Proiektua idatzi zen, non, partzela bakoitzaren ustiapenaren arabera, jabe bakoitzari parte-hartze kuota bat ezartzen zitzaion. "Azken finean bizilagun komunitate bat sortzea bezalakoa da, bakoitzak duen partaidetza finkatzeko. Geroztik, obra hauek aurrera eramateko pausuak eman dira. Hobekuntza lanak egitea beharrezkoa zela ikusten zuten jabe guztien artean adostutako proiektua da. Azpimarratzekoa da era berean, denbora honetan guztian zehar, bi aldeen arteko komunikazioa erraza izan dela eta hori eskertzekoa da”, adierazi du Arraizek. Eta zehaztu du urbanizazio lanak jabeekin kooperazio errejimenean gauzatuko direla. Udalak hartuko du lanen gidaritza eta jabe bakoitzak dagokiona ordainduko du. Udalak jakinarazi du 200.000 euroko diru-laguntza lortu duela obra hauetarako.
•Industrialdean egingo dituzten lanak
Arriaga industrialdeko arlo ezberdinetan izango dute eragina lanek. Urak banatzeko sare bat eraikiko dute, hondakin-urak ibaira beharrean haraztegira bideratzeko. Espaloiak eta zoladurak hobetuko dituzte, argiteria publikoa jarriko dute, eta egungo industrialdearen azpitik igarotzen den Kortazar ubidearen egoera hobetuko dute.
“Arriagakoa, herriko poligono zaharrenetarikoa da eta era askotariko jarduera ekonomikoak hartzen ditu. Azkeneko urteetan hori hartzeko saiakera desberdinak egon dira. Zorionez, laster hasi ahal izango ditugu hain beharrezkoak diren obrak eta hauxe da, hain zuzen ere, poligono industrialaren irudia hobetzeko helburuarekin jarraitzeko lehenengo pausua, azkenik Udalak behin-betiko hartu dezan”, baieztatu du Ane Beitia alkateak.

2019 11 29 Arriaga industriagunea ideko urbanizatu elgoibar udala

2019 11 29 Arriaga industriagunea ideko urbanizatu elgoibar udala 3