Asier Piresek 42 minutu pasatxoan osatu zuen 3,2 kilometroko ibilbidea eta Juanan Martinek bi minutu gehiago behar izan zituen. "Egia esan, ez zen kolorerik egon apostuan. Atzerantz korrika egitea zaila da berez, eta zer esanik ez Karakate gaineraino. Mendizale trebea ez izan arren, abantaila nabarmena da aurrerantz korrika egitea, aurreikusten genuen moduan eta argi gelditu denez", azaldu du Martinek egin zuten erronkaz. Karakatera atzerantz korrika eginez igo zen lehen aldia zela argitu du gainera, hau da, ez duela apostu hau egin atzerantz korrika ondo moldatzen delako, eta ez duela prestatu ere. "Esperientzia bat izan da, eta lehen aldia izateko ez da guztiz gaizki irten, 44 minutuan Karakateraino igotzea ez dut uste marka eskasa izango denik", esan du. "Lasai antzean hasi ginen biok, eta Asierrek ez zuen zeukan dena eman, horretarako beharrik ikusi ez zuelako nire aurretik gora ailegatzeko, baina galtzerik ez zuela nahi aitortu zidan eta inoiz baino azkarrago egin zuela igoera. Bi minutu atera zizkidan eta tarte handiagoa atera ahal zidala uste dut".
Harriren batekin edo zuloren bat zapalduta estropozu egiteko arriskua dago atzerantz atxintxika eginda, baina laguntzaile bat eraman zuen Martinek, ibilbidean zetozen gorabeheren berri emateko. "Begirada lurrean eta pauso tinkoak ematea izan zen erabili nuen taktika, zangoak ahal nuen gehien altxatuz pauso bakoitzean", azaldu du.
Igoera guztia gelditu gabe egin zuelako ere pozik dago. Uste baitzuen giharrak gehiago gogortuko zitzaizkiola, bikiak bereziki. "Izkiotibialak kargatu zitzaizkidan pixka bat, normalean erabiltzen ez diren gihar taldeak erabili behar izan bainituen atzeruntz joanda".
• Karakaten behera bizikletan ala korrika azkarrago?
"Laburbilduz, beste erokeria bat zakura!" dio, nahiz eta aitortu duen ez duela era honetako erronkarik berriro errepikatzeko asmorik. Erronka eta apostuetarako daukan gogoak hor jarraitzen du baina. Eta badarabiltza aukera batzuk buruan. Horietako bat Karakatetik jaistearekin lotutakoa. "Karakatetik bizikletaz ala korrika jaitsi daitekeen azkarrago probatzea gustatuko litzaidake, bizikletaz dihoana bide luzeenetik; eta, saltaka ni bide laburrenetik. Erronka hori, baina, azken hau baino serioago hartu nahi dut", azaldu du.
∞Lotura duten albisteak:
- Hamalau ordu eta 50 minutuan gauzatu du Juanan Martinek mendiko zazpi maratoi erdi astebetean egiteko erronka (2021-03-02)
- Juanan Martin: “Astebetean egunero mendi maratoi erdi bat egitea da nire hurrengo erronka” (2021-02-19)
- Karakatera bost joan etorri sei ordutan, Juanan Martinek bete du bere buruari jarritako erronka (2020-12-20)