• Nola iritsi zara mendi lasterketetara?
Futbolean ibili naiz betidanik. Atezaina izan naiz C.D. Elgoibarren erregional mailara arte, eta futbolean egin nituen azken lau urteak Oxforden egin nituen. Eskaintza bat jaso nuen eta han aritu nintzen. Ingalaterratik itzuli nintzenean, 2015. urtean, futbola uztea erabaki nuen. Ordura arte mendian sekula ibili gabea nintzen. Pentsa, Elgoibarkoa izanda Karakatera igo gabe nengoen barren! Sasoi hartan Iban Muruaren argazki bat ikusi nuen, Karakateko igoerakoa. Irudian nabari zitzaion sufrimendu aurpegiak arreta piztu zidan. ‘Dirudien bezain gogorra ote da igoera hori?’, galdetu nion neure buruari, eta neuk ere probatu behar nuela erabaki nuen. Lagun batekin igo nintzen estreinakoz Karakatera, ez bainuen bidea ezagutzen. Hori bai, soken bidetik egin genuen aurreneko igoera hura, aldapa handienak dauden bidetik. Sufritu nuen arren, gustatu zitzaidan eta harrezgero gustua hartu diot mendian ibiltze honi. Mendiko lasterketetan ere segituan hasi nintzen parte hartzen, eta hasi eta bat konturatu nintzen entrenamenduak handitu ahala emaitzek ere hobera egiten zutela. Sufritzen eta aldi berean gozatzen ikasi nuen. 2015ean igo nintzen estreinakoz mendira eta ordudandik ez diot mendian ibiltzeari laga.
• Zerk erakarri zintuen horrenbeste?
Egunerokoaz deskonektatzeko leku ezin hobea da mendia. Niri, bereziki, asko gustatzen zait mendiaz bakardadean gozatzea, norbere buruarekin lortzen den lasaitasun sentsazio hori ematen didalako. Aldapan
gora sufritzen ari zarenean ez daukazu astirik beste ezertan pentsatzeko eta desagertu egiten dira buruhauste guztiak. Gainera, txakurra ere badut eta hark ere izugarri gozatzen du gure ibilaldietan.
• Zein izan zen parte hartu zenuen aurreneko mendi lasterketa?
Zestoako Kobaz Koba Trail mendi lasterketa, 2016an. Beti izango dut gogoan. Paleolitoaren amaieran lehen gizakiak bizi izandako hainbat koba daude Zestoako lurretan, eta horietatik pasatzen da ibilbidea. Hortaz, hasieratik konturatu nintzen leku eta paisaia zoragarriak ezagutzeko aukera ematen duela kirol honek. Lasterketengatik izan ez balitz ez nituzte mendi eta paraje asko ezagutuko, bidea jakin gabe ez nintzatekeelako nire kabuz joatera ausartuko. Bidea markatuta egoten da lasterketetan eta hala lasai ibiltzen naiz mendian. Gehien gustatu zaizkidan mendietara itzuli naiz gero lasterketetan ikasitako bideei esker.
• Zer motatako mendi lasterketak gustatzen zaizkizu?
Ibilbide motzeko mendi lasterketetan parte hartzen hasi nintzen, 15 bat kilometrokoak edo asko jota 21 kilometrokoak: Kilimon traila Mendaron, Flysh traila Zumaian… baina ibiliaz konturatu nintzen era horretako lasterketa bizietan ez nuela gozatzen. Nahiago dut erritmo motelagoan ibili, baina tiraldi luzeagoetan. Arnasa luzeko lasterkaria naiz, diesela. Orduan mendiko martxak egiten hasi nintzen, Elgoibarko Itzulia, Lastur-Itziar-Deba… horietan gehiago gozatzen dut, nere ezaugarrietara hobeto moldatzen direlako.
• Lasterketetan lehiatzerakoan, zein izaten dira zure helburuak?
Badakit ez dudala lasterketarik irabaziko, eta postu on bat egitea ere ez da izaten nire helburua; hau ez baita nire bizimodua, hobbya baizik. Afizio moduan hartzen dut, bai, baina era berean ahal dudan guztia ematera behartzen dut nire burua, gozatzeko egiten dudala ahaztu gabe. Izan ere, badaukat lehiakortasun puntu hori eta gogoko dut lasterketetan sentitzen den adrenalina hori. Irteera aurretik sentitzen den urduritasun puntu horrek erakartzen nau. Gainera, jendea ere ezagutzen da lasterketetan eta giro polita sortzen da.
• Pandemiaren eraginez lehiaketarik jokatze ez horrek nola eragin dizu?
Entrenatzen ibili arren, helbururik ez izateak zaildu egiten du dena. Irizpide handiegirik gabe ibili izan naiz beti mendian. Gaur Karakate-Atxolinera noa, bihar berriro... eta beti egurra ematen.
Horregatik, nahas-mahas horrekin amaitzeko, entrenatzaile pertsonal bat behar nuela erabaki nuen eta Lander Azpiazu elgoibartarraren aginduetara jarri nintzen orain dela lau bat hilabete. Pandemiagatik lasterketarik ezingo zutela antolatu ikusita, motibazioari eusteko erabaki nuen, nire buruari erronkaren bat jartzea zela onena erabaki genuen. Halaxe bururatu zitzaidan Karakate bost aldiz sei orduren azpitik igo eta jaistea. Mugaraino eraman nahi nuen nire gorputza, zertarako gai nintzen jakiteko. 24 orduz Karakatera gora eta behera aritzea zen nire lehen asmoa, gorputzak
ematen duenera arte, baina ideia pixka bat findu eta sei ordurekin nahikoa zela erabaki genuen.
• Nolako esperientzia izan zen Karakatera bost joan-etorri jarraian egitea?
Espero nituenak baino sentsazio hobeak izan nituen, eta esperientzia ikaragarria izan zen, batez ere, nire buruaren aurkako erronka pertsonala zenaren inguruan sortu zenagatik. Ez nuen nire
asmoaren berri inon iragarri, baina hala eta guztiz ere, jende mordoa gerturatu zitzaidan, denak laguntzeko prest. Elgoibartarrak herriko jendeari laguntzeko prest daudela erakutsi dit erronka
honek. Egin nituen joan-etorri guztietan izan nituen laguntzaileak, eta horiengatik izan ez balitz, ez nuen lortuko. Nire lagun Iker Arrillagak lau joan etorri egin zituen nirekin. Pilar Arriola eta bere seme Iker ere izan nituen bidelagun, Iker hiru joan-etorritan. Azkeneko igoeran pott eginda nindoan Karakaterantz eta Iñigo Larizekin egin nuen topo Aterpe parean. Azkeneko igoera horretan niri
laguntzera zetorren, eta izugarri lagundu ninduten haren animoek. Ez dut harreman handiegirik berarekin, baina bera moduko kirolari batek niri lagundu izanak esanahi handia du niretzat. Era berean,
herritarren animoak ere izan nituen. Laugarrengo igoera hasi nuenean, Kalegoen plazan zegoen jendea hasi zen konturatzen zerbait gertatzen ari zela, eta uste dut bosgarrengorako ahoz aho zabaldu zela nire erronkaren berri, azken jaitsieran giro aparta baitzegoen plazan. Ezustean harrapatu ninduten jendearen txaloek eta animoek. Ford auto etxekoek, Kaia tabernako Marta Diezek eta Astigarraga kirol dendakoek niri laguntzeko izan duten prestutasuna ere aipatu nahi nuke, eta baita Amaro Estructurasek emandako laguntza ere. Eskerrak eman nahi dizkiet guztiei. Eta nola ez, nire familiakoei. Horiek beti ditut laguntzeko prest, eta pandemia egoera batean egongo ez bagina, prest zeuden salda eta txorizoa banatzeko plazara hurbiltzen zirenei ere. Hurrengo urtean berriro errepikatzeko asmoa daukat. Gabon aurreko astean izango da berriro ere, Gabonetan nahi adina jan eta edan nahi dudalako.
• Bistan da gustua hartu diezula erronkei.
Hala da bai. Hurrengoa ere prest dut: astelehenetik igandera, astebetez, egunero maratoi erdi bat korritzeko asmoa dut (otsailaren 22tik 28ra, astelehenetik ostiralera 16:00-18:30 eta asteburuetan 09:00-11:30), 1.000 metroko desnibel positiboarekin. Ibilbidea honakoa izango da: Txarriduna Hoteletik irten, Karakateraino igo, eta handik Irukurutzetaraino joan-etorria egin Atxolinetik pasaz, bai joanekoan eta bai bueltakoan. 21 kilometro guztira. Eta noski, nire asmoa ahalik eta azkarren egitea da. Saiakera guztiak bi ordu eta erdiren azpitik egin nahi ditut. Agian ez du asko denik emango, baina egunero martxan jarri behar da eta egun denak ez dira berdinak izango, dela euria egiten duelako, gorputza alfer esnatu delako edo lanean egun txarra izan dudalako. Egoera horiei guztiei buelta
eman behar zaie mendira joan eta bi orduz korrika ibiltzeko. Esfortzu fisikoaz, gainera, mentala ere bada. Oraingoan nire erronka honetan parte hartu nahi duten guztiak gonbidatzen ditut parte hartzera. Nirekin etorri nahi duen oro izango da ongi etorria. Erronka honek gainera, Tenerifen korritu nahi dudan ultra lasterketa baterako prestatzeko lagunduko dit.
• Tenerifera joan nahi duzu orduan?
Denboraldi honetan ez da mendi lasterketarik egongo Euskal Herrian, baina Kanariar uharteetan jokatzekoa den bat begiz jota daukat: Tenerife Bluetrail. Itsas mailatik Teide sumendiaren tontorrera
hegotik igo eta ipar aldetik jaitsi behar da, 108 kilometroko ibilbidea osatzeko. Izenematea noiz zabalduko zain nago, ia aurrera doan ikusteko. Ekainaren 5ean izango litzateke. Horretarako entrenamendu moduan bururatu zait erronka berri hau, astebetean 141 kilometro egingo ditudalako. Sasoian jartzeko eta elikadurarekin eta erritmoekin probaldiak egiteko erabiliko dut. Iaz nahi nuen egin Tenerifekoa, baina ez nengoen behar bezala prestatuta eta aurtengorako prestatzen hasi nintzen Landerrekin batera. 2022an Donostia-Bilbao egiteko asmoa ere badaukat. 120 kilometroko ibilbidea da eta Elgoibartik pasatzen da. Hurrengo urterako erronketako bat izango da. G2Hrako ere izena emanda nengoen iaz, baina hori ere bertan behera gelditu zen.
• Karakaten entrenatzen duzu. Nolako mendia da?
Egia aitortu behar bada, Karakate ez da mendi polita. Hori bai, entrenamenduak egiteko oso ondo dago, kilometro gutxitan desnibel handia duelako. Horrek asko indartzen zaitu. Sufritzea gustatzen zaienentzat ondo dago. Karakate gainetik Irukurutzetara bitarteko bidea, aldiz, itzela da. Ia laua da eta izugarrizko bistak ditu, Euskal Herriko mendi ia guztiak ikus daitezke-eta. Eta barre egingo duzu, baina mendira joatetik gehien gustatzen zaidana jaistea da. Jaitsi ahal izateko igo egin behar delako joaten naiz mendira. Karakateko tontorreraino telesferiko bat jarriko balute denbora guztian erabiliko nuke. Adibidez, Kalamuako jaitsiera proban parte hartu nuen orain dela pare bat urte eta sekulako esperentzia izan zen. Aldapan behera joatea, bideko oztopoen aurrean gelditzeko gai izango zaren jakin gabe, arnasa hartzeko astirik gabe eta une batzutan beldurra pasatuz. Hori da gustatzen zaidana. Jaitsierekin lotutako erronka bat ere badaukat. Karakateko tontorretik Kalegoen plazako frontoiko txapa ukitzera arte zenbat denbora behar nuen, alegia. Nire nahia 15 minutuan jaistea bazen ere, azkenean 15 minutu eta 30 segundoan egin nuen jaitsiera. Karakola itxita zegoelako, bestela lortuko nuen (barrez).