Atzo, zapatua, gauzatu zuen erronka. 07:00etan hasi zuen estreinako igoera eta 13:08an bukatu zuen bosgarren jaitsiera. Hortaz, zortzi minutugatik ez zuen lortu bere buruari jarritako erronka.
Martinek Kalegoen frontoiko txapatik Karakateko tontorrera egin zituen bost joan-etorriak, 38 kilometroko ibilbidea gutxi-gora-behera, eta 3.500 metroko desnibel metatua, plazatik tontorrera 700 metroko desnibela baitago. Bidelagun izan zituen hainbat adiskideri eta bere familiari eskerrak eman dizkie Martinek, emandako animoengatik eta babesagatik. "Goizaldeko zazpiretan lehen kanpaikada jo zuenetik frontoiko txapa bosgarrenoz jo nuen arte amore ez emateko indarra eman zenidaten"
Gipuzkoan zein Bizkaian jokatzen diren mendi lasterketa denetan edo ia denetan parte hartzen duela azaldu du Juanan Martinek. Koronabirusagatik antolatu ez dituztela ikusita, lehiarako grina asetzeko zerbait egitea pentsatu zuen, eta horrela sortu zen erronka hau. Gainera, egoera ez bada aldatzen, ez dela era honetako azkena izango aurreratu du.
Duela bost urte, Iban Fernandez elgoibartarrak antzerako erronka bat jarri zion bere buruari: bederatzi buelta egitea Azkue-San Roke eta Karakate artean 12 ordu eta erdian, eta lortu zuen.
Erronka jasotzen duen bideo-laburpena ipini du Juanan Martinek sare sozialetan: