Baserritarren eta artisauen azokak eta musika izango dira aurten Trinitateetako jaietako osagai nagusiak, Elgoibarren

Barren.eus 2021ko mai. 26a, 13:11

Trinitate jaiak izango ditugu asteburuan Elgoibarren, baina ez beti-betikoak. Pandemia dela-eta, jendetza handiak batzeko ospakizunak kendu egin dituzte egitarautik, baina hala ere, izango da non gozatua zapatuan eta domekan. Mendaron, aldiz, ez dute jairik egingo aurten.

Maiatzaren 29a hilabeteko azken zapatua da, eta ohi legez, azoka izango dugu. 9:00etatik 14:30era bitartean, herriko nekazarien produktuak erosteko aukera izango dugu. Honako hauek parte hartuko dute azokan: Lizundia txabolak, Basarte Soroetak, Txillarrek, Lizagasar Sagartokixak eta Nagorre Dorronsorok (eztia).

 • Eskualdeko gaztagileak
Debabarrena eskualdeko gaztagileak ere izango dira azokan: Elgoibarko Mausitxa (ardi gazta), Mallabiko Axeleku (behi gazta), Mutrikuko Goienetxe (ardi gazta) eta Soraluzeko Egotza (ahuntz gazta). Postu horietan erosketa egiten duten herritarrek txartel bana jasoko dute eta otar baten zozketan sartuko dira. Era berean, ganadu azoka ere egingo da arratsaldez, 15:00etatik 18:00etara, Aita Agirren. Pandemia dela-eta hilabeteak dira egiten ez zela, baina Trinitate jaiekin batera itzuliko dira abereak kalera.

2021 05 26 trinitate azoka egitaraua debemen
 • Txistularien Diana eta artisau azoka
Domekan, Trinitate Egunean, Udal Txistulari Taldekoek hasiko dute eguna, Dianarekin. Ordubete beranduago zabalduko dute artisau azoka, Aita Agirre plazan (14:30ean itxiko da azoka), eta 11:30ean meza nagusia ospatuko dute San Bartolome parrokian. Eguerdian, 12:30ean, Udal Musika Bandaren kontzertua antolatu dute, Kalegoen plazan. Udal Musika Bandak joan den urteko urriaren 18an eman zuen zuzeneko azken kontzertua, Olaizaga kiroldegian. Gero, Santa Zeziliako kontzertua eman behar zuten azaroaren 28an, San Bartolome elizan, baina bertan behera gelditu zen, koronabirusaren pandemiak okerrera egin zuelako.

∞Lotura duten albisteak: