Elgoibarko eta Mendaroko ehiztariek emaitza onak lortu dituzte Gipuzkoako txapelketan

Barren.eus 2021ko urr. 6a, 12:03

Zambranako (Araba) El Castillo ehiza barrutian jokatu zuten, zapatuan, Gipuzkoako Ehiza Xehe Txapelketa, eta emaitza onak eskuratu zituzten La Union eta Kilimon Zahar elkarteetako ordezkariek: bi txapel eta bi bigarren postu.

Senior gizonezkoen mailan bailaretako txapelketetan sailkatzea lortu zuten 26 ehiztari lehiatu ziren, eta Txantxangorri Elkarteko Axier Arrizabalaga hernaniarra gailendu zen, 4.108 puntu eskuratuta. Zortzi eper eta galeper bat ehizatu zituen. Elgoibarko La Union elkarteko ordezkari Ivan Bello Serna sailkatu zen bigarren postuan, zortzi eper ehizatuta, eta irabazleak baino ehun puntu gutxiago bilduta. Pago Uso elkarteko Jose Ignacio Leibar sailkatu zen hirugarren postuan eta David Conde elgoibararra sailkatu zen laugarren postuan.

Emakumezkoetan Leire Egañak jantzi zuen irabazlearen txapela, bi eper ehizatuta. Anuska Bretañak egin zuen bigarren. Junior mailan ere Elgoibarko ehiztari bat gailendu zen: Urko Garcia Martija. La Union elkarteko ordezkariak erakustaldia eman zuen zazpi eper ehizatuta, eta 2.000 puntutik gorako aldea atera zion bigarren egin zuen Aritz Intxaurrondori.
Azkenik, beteranoen mailan, txapeldunorde izatea lortu zuen Mauro Gonzalez mendaroarrak. Jose Luis Gisasola eibartarra izan zen onena beteranoetan, sei eper eta faisai bat ehizatuta. Gonzalezek hiru eper eta hiru faisai ehizatu zituen.
Ehiztariek egun euritsua izan zuten txapelketa egunean, eta azaldu dutenez lanak eduki zituzten sasitzan ezkutatutako hegaztiak topatzen.

Domeka honetan Euskadiko txapelketa jokatuko dute, leku berean.

 

∞Lotura duten albisteak