Carlos Conde eta Leire Egaña txapeldun Gipuzkoako Ehiza Xehe Txapeketan

Barren.eus 2017ko urr. 11a, 10:14

Gipuzkoako Ehiza Xehe Txapelketa jokatu zuten domekan Zambranako (Araba) El Castillo ehiza barrutian, eta bi ehiztari elgoibartarrek jantzi zituzten irabazlearen txapelak: Carlos Condek, gizonezkoetan; eta, Leire Egañak emakumezkoetan. Batak zein besteak Euskadiko txapelketan hartuko dute parte datorren domekan.

Ehiztari elgoibartarrek zeresana ematen jarraitzen dute ehiza txapelketetan lortzen dituzten emaitza onen ondorioz. Birritan Espainiako Ehiza Txapelketa irabazi duen Arkaitz Egaña nabarmendu da azken txapelketetan, baina txapelketak irabazteko gai diren ehiztari gehiago ere badaude La Union ehiza eta arrantza elkartean. Oraingo honetan Carlos Condek eta Leire Egañak lortu dute garaipena Gipuzkoako Ehiza Xehe Txapelketan.
Gizonezkoetan 27 ehiztari lehiatu ziren eta Carlos Condek eta Zar txakurrak lortu zuten ehizarik onena, hamar eper ehizatuta. Ontza taldeko Axier Gaztañaga sailkatu zen bigarren eta Diana taldeko Iñigo Gisasola eibartarrak egin zuen hirugarren, biek zazpi eper ehizatuta.
Carlos Condek pozik dago lortutako tituluarekin eta bere txakurrak eginiko lana erabakigarria izan zela azpimarratu du. "Nire txakur Zar-i zor diot garaipena. Nik ere egun ona eduki nuen eta zortea alde", esan du. Zar txakurra bere onenean dagoela dio. "Sei urte eta erdi ditu eta lau eta zortzi urte bitartean ematen dute onena ehizarako txakurrek. Azken txapelketetan maila onean aritu gara eta banekien txakur honekin aurrean ibiltzeko aukerak izango nituela". Elgoibarko Ehiza Xehe Txapelketan hirugarren postua eskuratu zuten Condek eta Zar-ek eta Debabarrenekoan ere bai. Eskualdeko txapelketan Iñigo Gisasola gailendu zen, eta Arkaitz Egaña elgoibartarrak egin zuen bigarren. Egañak, baina, uko egin zion Gipuzkoako txapelketa lehiatzeari eta bere arreba Leireri laguntzea erabaki zuen.
• Bi anaiak Gipuzkoako txapeldun
Honakoa ez da condetarrek lortzen duten estreinako Gipuzkoako txapelketa. Duela 15 urte, 2002an, Carlosen anaia Davidek irabazi zuen Gipuzkoako Ehiza Xehe Txapelketa. "Zar-en birramona zen txakurrarekin lortu zuen gainera", zehaztu du Carlosek. Euskadiko Ehiza Xehe Txapelketan parte hartuko du domekan, urriaren 15ean, Zambranan, eta bere helburua lehen hiruren artean sailkatzea dela adierazi du. "Lehen hirurak sailkatuko baitira Salamancan jokatuko den Espainiako txapelketako final-erdia jokatzeko", argitu du. Txapelketa horretan egoteko gogo berezia du Condek, ehiza basatiarekin jokatzen dela-eta. "Zanbranan granjetan hazitako ehizarekin lehiatzen gara, beste aukerarik ez dagoelako, baina ehiztariok nahiago dugu ehiza basatia".
Leire Egañaren estreinako titulua
Condetarrenean bezala, Egañatarrenean ere errotutako afizioa da ehiza. Emakumezkoetan Leire Egañak lortu zuen garaipena Gipuzkoako txapelketan. Otsailean atera zuen ehizarako lizentzia eta indartsu hasi da lehiaketetan. Debabarreneko txapelketa izan zen jokatu zuen estreinekoa, joan den irailean, eta garaipena lortu zuen. Gipuzkoako txapelketan lau emakumezko lehiatu ziren eta ehiztari elgoibartarrak lortu zuen lehen postua, hiru eper eta bi faisai ehizatuta. Oihana Zumalakarregi sailkatu zen bigarren postuan, hiru eperrekin eta Mari Jose Carreterok egin zuen hirugarren. Leirek Arkaitz anaiaren laguntza izan zuen lehiaketan, epaile lanetan jardun baitzuen. "Niri laguntzeak berak parte hartzeak baino ilusio gehiago egiten ziola esan zidan, dagoeneko txapelketa asko jokatu eta irabaziak dituelako. Txapelketetan parte hartzera ere berak animatu ninduen", azaldu du. Izan ere, lizentzia oraintsu atera duen arren, ehiza ez zaio arrotza etxean, anaiaz gainera aita ere, Jose Mari, ehiztaria baita. Gipuzkoako txapelketan ere lehiatu zen Jose Mari eta bigarren postua eskuratu zuen beteranoetan.

ehiza xehe gipuzkoa leire egaa arkaitz elgoibar

ehiza gipuzkoako txap leire egaa

ehiza xehe gipuzkoa leire egaa arkaitz elgoibar 1

ehiza xehe gipuzkoa mintxeta elgoibar

Lotura duten albisteak: