Soriako Castillejo de Robledo herrian jokatu zen zapatuan (abenduak 12) Espainiako Ehiza Xehe Txapelketako finala, orain dela hiru urte Egañak garaipena eskuratu zuen ehiza barruti berean, hain justu ere. Guztira 33 ehiztari lehiatu ziren: 19 gizonezko eta 14 emakumezko. 3.500 hektareako ehiza barrutian ehizan aritu ostean, joan den azaroan Euskadiko txapelketa irabazi zuten Arkaitz Egañak eta Sol txakurrak aurkeztu zuten ehizarik onena kontrol postuan: bi eper, oilagor bat eta erbi bat. 2012an Espainiako txapeldun izan ostean, txapeldunorde izan zen iaz eta aurten berriz lortu du garaipena.
Fernando del Campo madrildarra sailkatu zen bigarren postuan, eper bat eta hiru erbi ehizatuta. Jose Luis Verdu ehiztari valentziarra sailkatu zen hirugarren postuan, bi erbi eta untxi bat ehizatuta.
Ehiztari guztien artean bost eper, oilagor bat, 23 erbi eta bost untxi ehizatu zituzten. Horrelako txapelketa baterako ehiza eskasa delakoan kexu agertu ziren zenbait ehiztari, eta txapelketa ikustera joandako zaletu bat edo bestek bere haserrea erakutsi zuten sari banaketa ekitaldian. (informazio osoagoa: www.marca.com)