Astebetean hamalau koronabirus kasu atzeman eta gero, eremu horian da berriro Elgoibar

Barren.eus 2021ko aza. 8a, 14:48

Azken zazpi egunetan, azaroaren 1etik 7ra bitartean, hamalau kasu positibo atzeman dituzte Elgoibarren, aurreko astean baino bederatzi kasu gehiago. Eskualdean ere gora egin dute atzemandako positiboek.

Debabarrena eskualdean 39 COVID19 kasu positibo atzeman dituzte astebetean (25 kasu izan ziren aurreko astean, eta 22 aurreragokoan). Eibarren eta Elgoibarren zebatu dituzte kasu gehien. Gainera, Elgoibarren 113 puntu egin du gora intzidentzia-tasak astebetean, 51,99an egotetik 164,64an egoteraino. Mendaron bi kasu atzeman dituzte, atzo eta herenegun, eta 95 puntuan igo da intzidentzia-tasa azken astean.

Azaroaren 1etik 8ra bitarteko COVID19 kasu positiboak, Debabarreneko herrietan:

  • Mendaro +2   (0 0 0 0 0 1 1) 236,41ko intzidentzia-tasa
  • Mallabia +0   (0 0 0 0 0 0 0) 168,07
  • Elgoibar +14   (1 7 1 2 0 2 1) 164,64
  • Eibar +17   (0 4 1 4 2 2 4) 91,00
  • Mutriku +1   (0 0 0 0 0 1 0) 75,27
  • Deba +1   (0 0 0 0 0 0 1) 55,02
  • Soraluze +2   (0 0 0 0 0 0 2) 50,33
  • Ermua +2   (0 2 0 0 0 0 0) 24,97
  • GIPUZKOA +802   (61 120 147 188 112 54 120) 174,33

Hego Euskal Herriko datuek COVID-19aren hedapenaren areagotzen ari dela adierazten dute. Duela bi aste baino ia 445 kasu gehiago atzeman dituzte azken astean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 86tik 109ra igo da intzidentzia-tasa. Lurraldeen artean Gipuzkoan izan du gorakadarik handiena, aurreko astean baino 348 positibo gehiago erregistratu baitituzte eta intzidentzia 116koa izatetik 174koa izatera pasa da. Izan ere pandemiak hedatzen jarraitzen du, oinarrizko birsorkuntza datua batetik gorakoa izateak adieazten duen moduan. Une honetan 1,22koa da indize hori. Herriei erreparatuta, 5.000 biztanletik gorako bost herri -aurreko astean baino bat gehiago- eremu gorrian daude, eta, hortaz, birusaren transmisio handia dute: Agurain, Abadiño, Astigarraga, Azpeitia eta Zumarraga.

 • Hamar hildako
Heriotzei dagokienez, hilaren 1etik 7ra, hamar lagun zendu direla jakitera eman du Eusko Jaurlaritzak, aurreko astean baino hiru lagun gehiago–, eta pandemia hasi zenetik guztira 4.816 dira koronabirusaren eraginez hildakoak.
Osakidetzaren menpeko erietxeetan aurreko astean baino lau lagun gehiago zeuden ingresatuta atzo (90); baina Zainketa Intentsiboetako Unitateetan daudenak bi gutxiago dira (24).
 • Neurriak zorroztea
Pandemiaren bilakaera epidemiologikoa ikusita, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak ez du baztertzen Gabonei begira neurriak zorroztea; izan ere, Sagarduik adierazi du egoera ez dela "nahi bezalakoa". Hori dela-eta, egoerak okerrera eginez gero, neurriak har ditzaketela ohartarazi du. 

2021 11 08 covid datuak jaurlaritza grafikoa

∞Lotura duten albisteak: