Osasun larrialdia indargabetu du Jaurlaritzak eta LABIren Aholku Batzordea desegin egingo da

Barren.eus 2021ko urr. 5a, 16:10

Eguenetik aurrera indargabetuak geldituko dira gaur egun Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan diren neurri murriztaile gehienak.

Osasun larrialdia bertan behera lagako du Eusko Jaurlaritzak urriaren 7tik aurrera. Horrez gainera, Euskadiko Babes Zibileko Planaren (LABI) Aholku Batzordea desegin egingo da. Horrela jakinarazi du Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk Labi batzordearen bilkuraren osteko prentsaurrekoan eginiko adierazpenetan. LABIren Aholku Batzordeko eta LABIren Batzorde Zientifiko-Teknikoko kide izan diren adituekin batera egin du agerraldia Urkulluk, horien lana aitortzeko. Kutsatzeak geldiarazteko hartu beharreko neurriak aztertu eta proposatzea izan da batzordearen zeregina azken hilabeteetan. Ez dira berriro bilduko, desegin egingo baitituzte batzordeok. Pandemia hasi zenetik 34 bilera egin ditu Aholku Batzordeak, eta hogei dekretu onartu.

2020ko abuztuaren 17tik indarrean egon den bigarren osasun larrialdi egoera amaitutzat eman du Jaurlaritzak. Hamahiru hilabetetako epe honetan, "aginte bakarra" izan du lehendakariak; eta, Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioak eta autonomia erkidegoek adostutako neurriez gain, beste batzuk hartu ahal izan ditu. Urriaren 8tik aurrera, osasun zaintza fase berria hasiko dugula jakinarazi berri du Iñigo Urkulluk, eta indarrean zeuden neurri mugatzaileak, indarrik gabe lagako dituzte.

Espazio itxietan eta 5.000 ikusle baino gehiagoko ahalmena dituzten lekuetan %80ko edukiera mantenduko dela esan du du Urkulluk. Maskara nahitaezkoa izaten jarraituko du barnealdeetan, eta, kanpoan, ezin denean tartea gorde.

Ez da aforo mugarik izango ostalaritza, merkataritza eta kultura ekitaldietan, aipatutako kasuan salbu. Tabernetako barran kontsumitzeko aukera izango dute bezeroek.

Egoera aldatzea ekarri duen tresna nagusia txertoa izan dela nabarmendu du Urkulluk. Egoera "endemiko" bezala definitu du lehendakariak. Zentzu horretan, infekzio kopurua iraunkor bihurtu da denboraren poderioz, baina "noizean behin agerraldiak" egon daitezkeela ohartarazi du: "Noizbehinkako agerraldiak sortu arte, kutsadura prozesua egonkortu dela adierazi dute adituek. Zalantzarik gabe egoerak onera egin duela azaldu dute, baina ohartarazi dute horrek ez duela arazoa amaitu. Adituek ohartarazi du birusak mutatzen jarraituko duela eta planetaren hainbat lekuetan oso jende gutxi txertatu dela".

2021 10 05 lhk labi azken bilera irekia jaurlaritza

2021 10 05 lhk prentsaurrekoa irekia jaurlaritza