Markel Goenaga, Jone Gil, Eneko Etxaniz, Maddalen Oñederra eta Jon Etxeberria izan ziren Elgoibarko ordezkariak Euskal Herriko III. Aurresku Txapelketa Nagusian. Eneko Etxanizek lortu zuen posturik onena, bigarren egin baitzuen, baina dantzari guztiek merezi dituztela txaloak nabarmendu dute dantzarion irakasleek, "bai txapelketa prestatzerakoan eta baita oholtza gainean ere lan bikaina egin dutelako guztiek", esan dute.
Lehiari dagokionez, Katerin Artola dantzari oiartzuarra gailendu zen, eta hala, hirugarren aldiz jarraian irabazi du txapelketa hau, formatu berriarekin jokatu dituzten guztiak, alegia. Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarrak antolatzen duen txapelketan bi txapelketa egiten zituzten 2017ra arte: Aurreskuan lehiatzen ziren gizonak, eta soinu zaharrean emakumeak. 2018. urtean, baina, txapelketa bateratua egitea erabaki zuten antolatzaileek, eta Euskal Herriko Aurresku Txapelketa Nagusia (gipuzkoar erara) sortu zuten.
Zapatuan jokatutako txapelketan Hondarribiko txistulari taldeak jotako piezak dantzatu zituzten dantzariek. 'Aurkez aurke' (desafioa) eta 'Soinu zahar bat' ('Ehun dukat', 'Ehun eta bikoa' eta 'Grazianaren' artean dantzari bakoitzak aukeratu zuena) dantzatu zituzten. Horietan puntuazio altuenak lortu zituzten sei dantzariek 'Zortzikoa' dantzatu zuten gero.
Aurtengoz bukatu dira maila honetako dantzarientzako txapelketak, baina egongo da aukera horiek dantzan ikustekoa. Hondarribian lehiatu ziren bost dantzari elgoibartarrek adibidez, Inazio Bereziartuak antolatzen duen Gabonetako kontzertuan dantza egingo dute, abenduan, San Bartolome parrokian.
Aurreskulari gaztetxoagoen txapelketak urtarrilean hasiko dira berriro, eta maiatzera bitartean jokatuko dituzte, herriz herri. Horietan 7 eta 15 urteko dantzariak arituko dira hiru kategoriatan banatuta: A, B eta D. Eta, aurreko urteetan moduan, dantzari elgoibartarrek ere hartuko dute parte.
∞Lotura duten albisteak
- Eneko Etxaniz gailendu da Zarautzko aurresku txapelketan, eta Abel Iriondori eskaini dio garaipena (2021-09-06)
- Eneko Etxaniz: "Gazte gehienentzat futbola dena da niretzat dantza" (2021-07-09)
- Eneko Etxanizek irabazi du gazte mailako Aurresku Txapelketa Nagusia (2021-06-21)
- Eneko Etxanizek irabazi du Elgoibarren jokatu duten Aurresku Txapelketa, bere mailakoetan (2021-05-10)
- Eneko Etxanizen bigarren garaipena Gazteen Gipuzkoako Aurresku Txapelketan, oraingoan Villabonan (2021-03-30)