Hamabost dantzarik hartu zuten parte Zarautzko aurresku txapelketan, tartean bost dantzari elgoibartarrek: Jon Etxeberria, Eneko Etxaniz, Markel Goenaga, Jone Gil eta Maddalen Oñederra. Dantzari bakoitzak bina pieza dantzatu zituen Modelo aretoko oholtza gainean, txistularien eta atabal-jotzaileen laguntzaz. Bigarren txandara igaro ziren puntuaziorik altuena eskuratu zuten sei dantzariak, eta horiek zortzikoa dantzatu zuten. Sei horien artetik hautatu zituen epaimahaiak lehen hiru sarituak.
Inazio Bereziartua eskolako dantzariek uda osoa eman dute txapelketa honetarako eta azaroan jokatuko den beste baterako prestatzen, eta ez da alferrik izan. Guztiek maila oso ona eman zutela nabarmendu dute Inazio Bereziartua eskolako arduradunek, eta Eneko Etxanizek eginiko lana azpimarratu behar da, berak jantzi baitzuen irabazlearen txapel gorria amaieran. Sekulako urtea izaten ari da honakoa Etxanizentzat, Gazteen Mailako Aurresku Txapelketa Nagusia ere irabazi baitzuen orain gutxi. Mattin Etxebeste eta Katerin Artola oiratzuarrak sailkatu ziren, hurrenez hurren, bigarren eta hirugarren postuetan.
• Abel Iriondo gogoan
Sari banaketa ekitaldian, Jesus Arana Zarautzko jarduneko alkatearen eskutik jaso zuen Etxanizek irabazlearen txapela. Ondoren, irabazleari dagokion Agurra dantzatu zuen eta zendu berri den Abel Iriondori eskaini zion garaipena, begirada zerura zuzenduz. "Badakit hor goian izango zela gure Abel, indarra eta bultzada ematen, eta denok igarri degu. Zorionak bost dantzarie, lan bikaina burutu dutelako", adierazi du Jon Lizarralde dantza irakasleak.
Dantzariok Hondarribian jokatuko den aurresku txapelketan lehiatuko dira, datorren azaroan.
Argazki gehiago Zarauzko Hitza.
∞Lotura duten albisteak
- Eneko Etxaniz: "Gazte gehienentzat futbola dena da niretzat dantza" (2021-07-09)
- Eneko Etxanizek irabazi du gazte mailako Aurresku Txapelketa Nagusia (2021-06-21)
- Eneko Etxanizek irabazi du Elgoibarren jokatu duten Aurresku Txapelketa, bere mailakoetan (2021-05-10)
- Eneko Etxanizen bigarren garaipena Gazteen Gipuzkoako Aurresku Txapelketan, oraingoan Villabonan (2021-03-30)