Inazio Bereziartua Musika eta Dantza eskolako dantzariek maila bikaina eman dute Gazte Mailako III. Aurresku Txapelketa Nagusian, eta igarri da eskuratu dituzten emaitzetan. A eta B saileko dantzariek ekainaren 7an jokatu zituzten finalak Errenterian, eta bigarren postua eskuratu zuen Unax Ansolak, A sailean (2011tik 2013ra bitartean jaiotakoak).
Joan den zapatuan, berriz, D sailekoen (2006 eta 2007 urtean jaiotakoak) finala jokatu zuten Legazpiko azokako eraikinean. Ligaxkan puntu gehien batu zituzten hamalau dantzariak lehiatu ziren finalean, tartean Inazio Bereziartua eskolako hiru dantzari: Malen Galarraga, Jon Etxeberria; eta, ligako irabazlea, Eneko Etxaniz. Eta azken honek lortu zuen garaipena finalean ere. Duela hiru urtetik hona mistoa da txapelketa. Aurrez, mutilek Gipuzkoar erako Euskadiko Aurresku Txapelketa jokatzen zuten; eta, neskek, Euskadiko Neskatxena Txapelketa. "Elgoibarko dantzariek oso ondo dantzatu zuten, Malen bere mailan aritu zen, Jon ere primeran aritu zen, lehenengo dantzan desoreka txiki bat izan bazuen ere, eta zer esan dezakegu Eneko Etxanizen saioaz. Maila bikaina eman eta txapela bere burura", esan dute eskolako arduradunek, ikasleek eginiko lanaz harro.
Txapelketa hauetan hiru dantza dantzatzen dituzte parte hartzaileek. 'Ehun Dukat' lehenengo txandan eta 'Desafioa' eta 'Kontrapasa' bigarren txandara igarotzen direnek. "Maila altua izaten da adin tarte honetan eta Legazpin ere halakoxea izan zen", azaldu dute. "Zorionak Enekori garaipen bikain honengatik, eta zorionak baita ere, txapelketetan parte hartu duten eskolako gainerako dantzariei ere: Unax Ansola, Amaia Mendia, Elaia Etxaniz, Uxue Cabrera, Maialen Pizarro, Nerea Galindo, Malen Galarraga eta Jon Etxeberriari, lan ezin hobea egin dutelako urte osoan zehar, bai entseguetan eta bai txapelketetan, zorionak dan guztiei".
Legazpiko finaleko emaitzak::
1. SARIA: Eneko Etxaniz (Elgoibar)
2. SARIA: Ane Jaunarena (Lezo)
3. SARIA: Naroa Arretxe (Amasa-Villabona)
4. SARIA: Olatz Azkue (Lezo)
5. SARIA: Endika Osa (Lezo)
6. SARIA: Markel Garmendia (Legazpi)
Hainbat dantzarik atseden hartuko dute udan, baina bost dantzarik prestatzen jarraituko dute uda sasoian ere, "datorren ikasturtean dantza berriak dantzatu beharko dituztelako". Horixe da Jon Etxeberria eta Eneko Etxanizen kasua, datorren ikasturtean maila nagusira pasako baitira. Era berean, Markel Goenagak, Maddalen Oñederrak eta Jone Gilek, maila nagusiko hiru txapelketa prestatzeko entseguak egingo dituzte udan: irailean Zarautzen eta Ordizian, eta azaroan Hondarribian jokatuko diren aurresku txapelketak prestatzeko, hain justu ere.
∞Lotura duten albisteak:
- Unax Ansola txapeldunorde aurresku txapelketako finalean (2021-06-08)
- Unax Ansolak bigarren postua lortu zuen Lezoko Soinu Zahar eta Aurresku txapelketan (2021-06-01)
- Eneko Etxanizek irabazi du Elgoibarren jokatu duten Aurresku Txapelketa, bere mailakoetan (2021-05-10)
- Elgoibarko XX. aurresku txapelketa jokatuko dute asteburuan (2021-05-04)
- Eneko Etxanizen bigarren garaipena Gazteen Gipuzkoako Aurresku Txapelketan, oraingoan Villabonan (2021-03-30)
- Elgoibarko eta Lezoko dantzari gazteen aurreskuak nabarmendu dira Aurresku Txapelketaren lehen jardunaldian (2021-03-15)
- Eneko Etxaniz txapeldun eta Markel Goenaga txapeldunorde Elgoibarko Aurresku Txapelketan (2020-10-27)