Espainiako Gorenean osasun neurrien inguruan lehengo astean jarri zuten helegitearen erantzunaren zain zegoen Jaurlaritza, eta Gorenak jakinarazi berri duen ebazpenak baimendu egin du Covid ziurtagiria ezartzea Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Hala, gaueko aisialdirako lokaletara eta 50 jankide baino gehiagorentzako jantokiak dituzten jatetxeetara sartzeko covid ziurtagiria eskatzea baimendu dute, EAEko Auzitegi Nagusiak horretarako aukera ukatu bazuen ere. Ziurtagiria eskatzea "egokia, beharrezkoa eta proportziozko neurri bat" dela argudiatu du Gorenak. Irailaren 14ko Galiziako Covid Ziurtagiriaren 1112/21 epaia hartu du oinarritzat.
Ziurtagiria 150etik gorako intzidentzia-tasa duten udalerrietako zenbait jardueratan eskatzea zuen helburu Jaurlaritzak; zehazki, 50 pertsonatik gorako jatetxeetan zein diskoteka, dantzaleku, musika taberna eta karaokeetan. Paperean edo formatu digitalean aurkeztuta, establezimenduen jabeen ardura izango litzateke bezeroek dokumentua badutela ziurtatzea.
Covid-19 ziurtagiria Osakidetzaren webgunean edo Zuzenean zerbitzuko bulegoetan eskuratu daiteke (ikus hemen), eta hiru egoera aurreikusten ditu: txertoen ibilbidea osatuta izatea, azken sei hilabeteetan gaixotasuna gainditu izana, azken 48 orduetan antigenoen proban negatibo eman izana edota azken 72 orduetan PCR proban negatibo eman izana.
Iñigo Urkullu lehendakariak Osasun Saileko eta Osakidetzako zuzendaritza-taldearekin bildu da gaur goizean, pandemiaren bilakaera eta osasun-sisteman duen eragina aztertzeko, eta bilera osteko agerraldian izan dute Gorenak hartutako erabakiaren berri. Ebazpenak "marko juridiko" baten babesa ematen diela-eta, berriro larrialdi egoera ezarriko dutela jakitera eman du Osasun sailburu Gotzone Sagarduik.
Covid ziurtagiria ezartzeko asmoaz gain, sailburuak ez du aurreratu Jaurlaritzak osasun larrialdia ezarritakoan zer neurri mota hartzea aurreikusten duen. "Beste neurri posible batzuk aztertzen ari gara, gure eskumenen arabera eta pandemiaren aurkako Legearen arabera, egoera honen berezko ezaugarriak kontuan hartuta, ezin baitira aurrekoekin alderatu", adierazi du.
Hain zuzen, pandemiaren bilakaerak "txarrera egiten" jarraitzen duela azaldu du dute agintariek agerraldi horretan. Hainbat datu eman ditu Sagarduik: atzo 60 ospitaleratze izan ziren COVID-19ak eraginda Osakidetzaren zentroetan, eta ZIUetan ere larritzen ari da egoera: “49 paziente daude”. ZIUetako oheetan COVID-19ak jotako 50 gaixotan jarri zuen muga Iñigo Urkullu lehendakariak, irailaren 6an bertan behera gelditu zen osasun larrialdia berrezartzeko. Kutsatzeen goranzko joera horrek osasun-sisteman ondorioak dituela esan du Sagarduik, eta Osakidetzako zentro guztiak Kontingentzia Planaren bigarren egoeran daudela nabarmendu du. Sailburuak azaldu duenez, ZIU ohe gehiago irekitzeak unitate horiei arreta emateko langile kualifikatuen ratioak handitzea eskatzen du. "Erantzukizunez jokatu behar dugu, eta, ospitaleratuta eta ZIUn pertsona gehiago egongo direla jakinda, jarduera berrantolatu behar dugu, egungo baliabideetara egokitzeko".
Sailburuak gaineratu du Osakidetzak arreta ematen jarraituko duela bai urgentziei eta onkologikoko pazienteei, eta jarduera kirurgikoa programatzen jarraituko duela. Hala ere, egungo egoerara egokituz egingo dute.
Hori bai, gogorarazi du neurri batzuk indarrean daudela:
Orokorrak:
- Aglomerazioak saihestu
- Barruko espazioak aireztatzea
- Eskuak maiz garbitzea.
- Maskara zuzen eta etengabe erabiltzea barnealdeetan eta kanpoko espazioetan.
Joan den astean aginduan jasotako ekitaldiak edo jarduerak antolatzen dituzten udal-erakundeekin, eragileekin eta norbanakoekin lotutako neurriak:
- Prebentzio-neurriak betetzea ezin izango dela bermatu aurreikusten badute, jarduera eten edo atzeratu beharko dute.
- Eta ekitaldietan prebentzio-neurriak hartzen badira badira, hauek indartu egin behar dira.
Maskara kanpoaldean ere derrigorrezkoa izatea nahi du Jaurlaritzak, eta hala izan dadin Lurralde arteko Osasun Kontseiluari errege dekretua aldatzea eskatuko diola aurreratu dute agintariek.