Bihar, asteazkena, azaroaren 17an argitaratu eta indarrean jarriko den agindu berri batean jasoko dituzten neurrien berri eman du Gotzone Sagarduik prentsaurreko agerraldian. Honako hauek dira jende pilaketak saihesteko indarrean egongo diren neurriok:
- Osasun larrialdia indargabetu ostean, 2021eko urriaren 6ko aginduan aurreikusitako prebentzio neurriak betetzen direla bermatu ezin diren jarduera guztiak bertan behera lagatzea edo atzeratzea. Udal agintariek baloratu beharko dute hori.
Arreta berezia jarriko dute jan eta edaten den ekitaldietan. Osasun sailburuak azaldu du herritarren %90a txertatuta dagoenean, 150etik gorako intzidentzia metatua "erne" egoteko modukoa dela. Egun, 196,25ean dago tasa hori EAEn", zehaztu du sailburuak. Bada, bide horretan, eskaera zuzena egin die Jaurlaritzaren izenean autonomia erkidegoko udalei: prebentzio neurriak bermatu ezin diren jarduera eta ekitaldiak etetea, batez ere, "jan-edana tartean daudenak".
- Prebentzio neurriak mantenduz egiten diren ekitaldien kasuan, izan kanpoaldean edo barrualdean, neurri gehigarriak hartuko dira:
- Kontzentrazioak aurreikusten diren tokietan jendearentzako espazioa handitzea.
- Bide-korridoreak ezartzea, pertsonen fluxu ordenatua errazteko.
- Elikagaiak eta edariak saltzeko eta kontsumitzeko guneak mugatzea.
- Ahal denean, jarduerak kanpoan antolatzea. Zergatik? Aire zabaleko jarduerak dira seguruenak, eta COVID-19a gaixoa izateko edo transmititzeko arriskua handiagoa da espazio itxietan eta jende askorekin.
Sagarduik gaur jakitera eman dituen neurri horiek urriaren 6ko aginduaren osagarri izango dira.
- Espazio itxietan eta 5.000 lagunetik gorako edukiera duten esparruetan antolatutako ekitaldietan % 80eko muga egongo da.
- Leku itxietan edota kanpoaldean egiten diren kirol eta kultur ekitaldietan debekatuta egongo da jatea eta edatea; ura bakarrik edan ahal izango da. Jateko eta edateko propio egokitutako lekuetan bakarrik kontsumitu ahal izango da.
- Musukoen erabilera derrigorrezkoa izango da barrualdeetan. Kanpoaldean ere bai, segurtasun tartea ezin bada errespetatu.
Astelehenean eguneratu zuten azken txosten epidemeologikoaren arabera, hauek dira neurri berriak ezarriko diren 5.000 biztanletik gorako udalerriak:
- ARABA: Agurain
- BIZKAIA: Abadiño, Bermeo, Berriz, Durango, Elorrio, Ermua, Gernika-Lumo, Gorliz, Lekeitio, Valle de Trápaga-Trapagaran, Zalla eta Zornotza.
- GIPUZKOA: Andoain, Aretxabaleta, Arrasate, Astigarraga, Azkoitia, Azpeitia, Beasain, Bergara, Donostia, Eibar, Elgoibar, Errenteria, Hernani, Hondarribia, Irun, Lasarte-Oria, Lazkao, Legazpi, Lezo, Mutriku, Oiartzun, Oñati, Ordizia, Orio, Pasaia, Tolosa, Urnieta, Urretxu, Usurbil, Villabona, Zarautz, Zumaia eta Zumarraga.
• Covid-19 pasaportea baimentzeko eskaera justiziari
COVID ziurtagiria eskatzeko baimena galdegingo dio Eusko Jaurlaritzak EAEko Auzitegi Nagusiari. Sagarduk aurreratu du 12 urtetik gorako pertsonei baimena eskatzea aztertzen ari direla, gaueko aisialdiko establezimenduetan, musika- eta dantza-jarduerak egiten diren establezimendu edo lekuetan, edo 50 mahaikide baino gehiagorentzako edukiera duten pertsona-talde handiak aldi berean egon daitezkeen jatetxeetan.