Goizeko 7:00etan hasi du Juanan Martinek bere buruari jarritako erronka, Kalegoen Plazako frontisetik, eta Karakatera bost joan etorri egin ostean, 13:03ak zirenean ailegatu da frontisa azkenengoz ukitzera. Hala, iaz egin zuen denbora bost minutuan ondu du, sei ordutik jaistea lortu ez duen arren.
Pozik eta osorik zegoen Martin erronka amaitu berritan, kronometroari segundu edo minutu batzuk gehiago jateko izan dituen aukerak aztertzeari laga gabe, baina pozik. Izan dituen sentsazioak iaz erronka lehenengoz egin zuenekoak baino hobeak izan direla azaldu du. Hona bere kronika eta bizipenak:
"Iaz bosgarren saiakeran pena pixka bat ematen nuen, oso nekatuta nengoen, aurreko lau jaitsierak oso azkar egin nituelako, eta horrek ordaina ekarri zidalako azkenengo igoeran: oso ahul sentitu nintzen. Gaur, aldiz, erritmo erregularragoak mantentzen saiatu naiz, bai jaitsieretan eta baita igoeretan ere, eta gainera, igoerak iaz baino azkarrago egin ditut; 49-50 minutuan egin bainituen iaz, eta 46-47 minutu inguruan gaurko bost igoerak. Alde horretatik pozik nago, erritmoari eutsi diodalako aldapa gora zein behera. Hala ere, zalantza txiki bat gelditu zait: jaitsieretako batean gehiago estutu izan banu, agian hiru minutu horiek salbatzeko moduan izango nintzen. Kalkuluak kalkulu, zaila da oreka bilatzea, jaitsieretan azkartzeak igoeretan justuago ibiltzea dakarrelako. Taktika bat aukeratu behar nuen eta jaitsierak mantsoago egitea erabaki dut. Iaz 20-21 minututan osatu nituen jaitsierak, eta 24 minuturen bueltan aurtengoak. Eta horri esker, iaz baino dezente azkarrago egin dut plazatik tontorrerako azken igoera. Iaz ordu eta pikoan egin nuena 48 minutuan egin dut aurten. Orduan, taktikarekin asmatu dudan ala ez da galdera, eta baiezkoan nago ni, bai. Pozik nago. Are gehiago bizkarreko minagatik azaro osoan ezin izan nintzelako korrika ibili eta iaz baino okerrago ailegatu naiz erronkaren egunera. Hala eta guztiz, iazko denbora bost minutuan jaistea bada zerbait. Oro har, joan-etorri guztiak denbora berdinean egiten saiatu naiz eta lortu dut. Igoera guztiak 48 minutuan eta jaitsierak 23-24 minutuan. Azkenengo jaitsiera egin dut azkarren, 22 minutuan. Joan etorria, batez beste ordubete eta 11 edo 12 minutuan atera zait".
Guztira 45 kilometro egin ditu, eta 3.500 metroko desnibel positibo metatua gainditu du bost joan etorrietan.
Eguraldiaren aitzakiarik ez du, baldinza ezin hobeak izan dituela dio, "eguraldi freskoa, baina jasateko modukoa". Termometroak 5 gradu markatzen zituela ekin dio erronkari, baina behean tontorrean baino hotz gehiago egiten zuela azaldu du.
Bidelagun izan dituen guztiei eskerrak eman dizkie. "Lehen joan-etorrikoan Txelu izan dut bidelagun eta depositora arte lagundu dit bigarrengoan. Nire lagun Iker Arrillaga ere laguntzera etortzekoa zen, baina bihar Gasteizen lasterketa batean parte hartu behar duela-eta ezin izan du. Hirugarren, laugarren eta bosgarren joan-etorrietan Eneko Etxaniz eta Kalaka, Eibarko gazte bat, izan ditut lagun. Eta Alex Berguak ere lagundu dit bi joan-etorritan. Euren kabuz etorri dira laguntzera, nik eskatu gabe, eta eskertzekoa da. Iban Fernandez ere aipatu nahi dut, azkenaurreko jaitsieran makilak laga dizkidalako eta primeran etorri zaizkidalako azken igoeran ere, aurrez makilak sekula erabili gabe nituen arren. Familiakoek ere izugarri lagundu didate arropa eta janariarekin, eta beraien laguntzarik gabe ezin izango nukeen erronka hau nahi izan dudan moduan egin".
∞Lotura duten albisteak:
- Hamalau ordu eta 50 minutuan gauzatu du Juanan Martinek mendiko zazpi maratoi erdi astebetean egiteko erronka (2021-03-02)
- Juanan Martin: “Astebetean egunero mendi maratoi erdi bat egitea da nire hurrengo erronka” (2021-02-19)
- Karakatera bost joan etorri sei ordutan, Juanan Martinek bete du bere buruari jarritako erronka (2020-12-20)