Bost lagun omenduko dituzte Mugertza krosean

Barren.eus 2022ko urt. 7a, 16:36

Azken hilabeteetan zendu diren Mugertza krosaren "bost lagun" omenduko dituzte antolatzailek aurtengo krosean. Era berean, bada azken ordukorik lasterketaren inguruan, alebin eta infantil mailetako saltakaririk gabe jokatuko baitute aurtengoa.

Mugertza kroseko antolatzaileek krosaren aurkezpenean jakitera eman zuten bost lagun omenduko dituztela aurtengo krosean. Honela azaldu zuten: "Inoiz ez da erraza horrelako proba bat antolatzea, pandemia ez badago, krisi ekonomikoa hor dago, eta Elgoibarko herri osoaren babesik gabe ezinezkoa zatekeen proba antolatzea. Horregatik, ezinbestekoa da bidelagun izandakoei esker ona adieraztea eta joaten direnean haien oroimena gordetzea. Gauzak hala, antolakuntzak azken hilabeteetan utzi gaituzten krosaren bost lagun omenduko ditu aurten. Fermin Arrese, antolatzaile nekaezina hainbat urtez eta krosaren maitale izandakoa; Bego Gil, urte luzez boluntario izandakoa; Lucas Larraza, proba lau aldiz irabazitako korrikalaria; Alejandro Gomez, atleta oso maitatua eta Agnes Tirop, 2018ko irabazlea. Azken hori, indarkeria matxistaren biktima izan da".

2022 01 08 bost omendu mugertza krosa

Bostei omenaldia egingo diete atletei ongi etorria egiteko zapatuan egingo duten harrera-ekitaldian, 19:30etik aurrera. Udaletxeko arkupeetan egingo dute aurten ekitaldia eta ez dira udaletxera igoko, ohikoa duten moduan. Era berean, domekan, lasterketa egunean, minutu bateko isilunea egingo da omenduen omenez.

2022 01 04 fermin arrese lucas larraza mariano haro

Azken orduko altak eta bajak
Urtero izaten dira azken orduko altak eta bajak Mugertza krosean, eta aurten handiagoa da arriskua pandemia dela-eta. Puntako bi atleta etiopiar lotu dituzte antolatzaileek domekarako. Gizonezkoetan lehiatuko da bata, Getnet Wale 21 urteko antxitxikaria. Tokioko Olinpiar Jokoetan 3.000 metro oztopoduneetan laugarren postua lortu zuen eta denboraldiko hirugarren markarik onena egin du aurten 5.000 metrotako lasterketan. Bere herrikide Senbere Teferi da azken orduko bigarren fitxaketa. Mugertza krosa irabazi zuen Teferik 2017an eta honek ere denboraldiko hirugarren markarik onena egin du 5.000 metrokoan.
Bestalde, bi bajen berri eman dute Mintxetako arduradunek. Aron Kifle eritrearrak eta Eva Cherono keniarrak ez dute parte hartuko.

2022 01 07 2017 01 22 mugertza krosa elgoibar teferi jebet

•Alebinen eta infantilen lasterketak bertan behera
Mintxeta Atletismo Taldeko arduradunek jakitera eman dutenez, bertan behera gelditu dira 12 urtez azpiko (alebin) eta 14 urtez azpiko (infantil) lasterketak, Jaurlaritzako Osasun Sailaren dekretuak hala egitera behartu dituelako. Gainerako lasterketak euren ordutegietan jokatuko dira.

2022 01 04 mugertza krosa 2019 gaztetxoa barren 1

∞Lotura duten albisteak: