25 positibo eta heriotza bat, San Lazaro egoitzan

Barren.eus 2022ko urt. 21a, 13:44

Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi duenez, 130 koronabirus kasu berri baieztatu dituzte Gipuzkoako adinekoen egoitzetan, urtarrilaren 13tik urtarrilaren 17ra bitartean; bost egunetan. Horietatik, bederatzi Elgoibarko San Lazaro zahar etxean atzeman dituzte, eta gaitzaren eraginez egoiliar bat zendu da.

Une honetan 25 egoiliar daude koronabirusaz kutsatuta San Lazaro egoitzan. Aldundiak martitzenean eguneratu zituen datuen arabera, bederatzi kasu berri baieztatu dituzte urtarrilaren 13tik urtarrilaren 17ra bitartean. Tarte horretan egoiliar bat sendatu dela ere jakinarazi dute; baina, heriotza baten berri ere eman dute. Honenbestez, pandemia hasi zenetik hamalau lagun hil dira Elgibarren COVID-19arekin.

Azken astean, guztira, lau heriotza erregistratu dira Gipuzkoako egoitzen sarean. Aldundiak emandako datuen arabera, Covid-19aren seigarren olatuan, -2021eko azaroaren 29tik 2022ko urtarrilaren 17ra arte-, hamabost egoiliar hil dira Aldundiaren 38 egoitzatan (kutsatutakoen % 1,8). Hau da, ia heren bat azken astean hil da. Hortaz, esan daiteke Covid-19aren seigarren olatua bete-betean sartu dela adinekoen egoitzetan, Bizkaiko egoitzetan ere lau egoiliar hil baitira azken astean, eta beste bat Arabakoetan.
Eider Mendoza Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaileak jakinarazi duenez, 457 covid kasu positibo aktibo zenbatu dituzte azken egunetan adinekoen 38 egoitzatan, eta kutsatutakoen artean 41 pertsona ospitaleratuta daude. Zendatu berriak 132 dira.

∞Lotura duten albisteak: