Eskualdearen egoera azaltzeaz gain, Debabarreneko egoerari buelta emateko beharrezkotzat jotzen dituen neurriak azaldu zituen Debegesako zuzendariak: “Neurri horiek eskualdeko zortzi udalek eta Garapen Agentziako zuzendaritzak osatzen dugun Debegesako Administrazio Kontseiluan landu dira eta horietako batzuk dagoeneko aipatu dira orain arte beste administrazio batzuetan egindako agerraldietan”.
Bere hitzaldian, besteak beste, Debabarreneko lurralde-desorekaren arrazoiak eta eskualdearen ezaugarri sozioekonomikoak azaldu zituen Balbasek, eta, horrekin batera, ikuspegi sozioekonomikotik begiratuta eskualdeak dauzkan beharrak nabarmendu zituen.
Ponentzia honen helburua da Debabarrena eskualdea eta berau osatzen duten udalerriak ekonomikoki suspertzeko beharra azaltzea da eta, horrekin batera, hori bideratzeko baliabideak zein jarduera espezifikoak eskuratzeko Eusko Jaurlaritzako finantzazio sistemetan.
Balbásek lurralde-orekako prozesuak abian jartzeko premia azpimarratu zuen bere hitzaldian, eskualdea non dagoen (Bizkaia eta Gipuzkoako hiriburuen tartean) kontuan hartuta. Bere berbetan, “eskualdean arazoak ditugu biztanleria-galerarekin, zahartze-indize handiegia, langabezia-tasa Gipuzkoako batez bestekoaren eta EAE baino handiagoa, DSBE jasotzen duten pertsonen ehuneko handia, benetako pobrezia-tasa handia eta orain dela urte batzutatik hona jasaten ari garen industria-pisuaren galera gehitu behar zaie aurrekoei”.
Debegesako zuzendariarentzat bereziki garrantzitsuak direnen artean honako hauek daude: hiri-birsorkuntzari eta antzinako industria-erabilerako eraikinen birgaitzea; enplegu inklusiboa sortuko duten programak; sormen eta kultura-industriak garatzea; azpiegitura industrialen (zehazki, lurzorua eta banda zabala) hedatzea; eta industria suspertzeko jarduerak, “lurralde erakargarri eta lehiakorra lortzeko”.
Horrez gain, Foru Aldundiek Debabarrena administrazioaren beraren inbertsio estrategikoen kokapen-eremu gisa izan dezaten eskatu zuen, aipaturiko eskaerak “elkarlaneko gobernantza-eredu baten bidez” egin behar direla gehituta.
∞Lotura duten albisteak:
- Ane Beitia eta Iñaki Arregi Elgoibarko eta Mendaroko alkateek eskualdea biziberritzeko ponentzian hartu dute parte (2022-01-20)
- Legebiltzarrak aho batez onartu du Debabarrena suspertzea helburu duen ponentzia eratzea (2021-10-08)
- Debabarrena eskualdea ekonomikoki suspertzeko ponentzia bultzatu dute EAJk eta PSE-EEk Legebiltzarrean (2021-07-20)